Nerea Sorondo txapeldun eta Maika Ariztegi bigarren emakumezkoen aizkolari txapelketan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 15a, 11:00
Emakumeen banakako aizkora txapelketako podioan, Nerea Sorondo txapeldun eta Maika Ariztegi bigarren. Argazkiak: Ibon Errazu

Aizkolari gazteen binakako txapelketan hirugarren izan ziren Oier Larretxea eta Endika Goia beratarrak

Martxoaren 14an, igande eguerdian jokatu zen Azpeitian XXI. Binakako Urrezko Aizkolari Txapelketa nagusiaren finala. Final handian ez zen eskualdeko ordezkaririk. Ibai Soroa eta Txomin Amundarain suertatu ziren txapeldun (18.40), Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza bigarren (20.05) eta Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia ‘Basozabal’ hirugarren (20.51).

Soroa eta Amundarain txapeldun, XXI. Binakako Urrezko Aizkolari Txapelketan.

Zortzi Arroako Hiru Harri Urrezko Harri-jasotze txapelketan Mikel Lopetegi Urra nagusitu zen 102 jasoaldirekin, Beñat Telleria bigarren 95 jasoaldirekin eta Inhar Urruzuno hirugarren 89 jasoaldirekin.

Harri-jasotzen Urra gailendu zen.

Emakumezkoen aizkolari txapelketan, Nerea Sorondo beratarraren eta Maika Ariztegi iturendarraren artean izan zuten lehiarik handiena eta azkenean beratarra gailendu zen 41 segundorengatik. Lana bukatzeko 7 minutu eta 17 segundo behar izan zituen Sorondok eta 7 minutu eta 58 segundo Ariztegik. Dexente beranduago bukatu zuten Claudia Muñoz (12.51) eta Uxue Ansorregi (15.08) gazteek.

Gazte mailako podioaren hirugarren koxkan, Goia eta Larretxea beratarrak.

Aizkolari gazteen binakako txapelketan Xuban Kañamares V.a eta Ibon Garaiburu izan ziren txapeldun (9.34), Markel Zapiain eta Axel Larrañaga bigarren (10.24) eta Berako Oier Larretxea eta Endika Goia hirugarren (12.35).

Harri-jasotze erakustaldia ere eskaini zuten Karmele Gisasola Zelai III.ak, Udane Ostolazak eta Aroa Sanchezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun