Iera Agirre eta Irantzu Etxebeste aurrez aurre izanen dira eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren finalerdian

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 8a, 10:00

Leitzarrak eta beratarrak Ruiz de Larramendi izeba-ilobak izanen dituzte lagun gibeleko koadroetan

Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketako final laurdenak jokatu zituzten larunbatean Asteasun eta dagoeneko erabakiak gelditu dira hemendik bi astera Irungo Uranzun jokatuko dituzten finalerdiak: Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi /Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai-Oihana Orbegozo / Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirrek jokatuko dituzte. Lau bikoteek emandako maila ikusita, finalerako txartelak garesti egonen dira.

Txapelketak hasiera ezin orekatuagoa izan zuen eta Irantzu Etxebeste beratarrak eta Ruiz de Larramendik azken unera arte sufritu behar izan zuten Amaia eta Gentzane Aldai bizkaitarrei tanto bakarraz, 22-21, irabazteko. Akats gutti eta berdinketa aunitzeko partida izan zen lehiaketa ireki zuena, lau pilotariak maila onean aritu ziren eta bi aurrelariek lehia polita izan zuten aitzineko koadroetan. Dena dela, azkenerako Olatz Ruiz de Larramendiren joa erabakigarria izan zen.

Bigarren partida ez zen hain berdindua izan eta Leire Garai eta Nora Orbegozok errazago lortu zuten finalerdietarako txartela, Miren Larrarte eta Ane Urkizuri 22-6 irabazita. Partidak hasiera nahikoa orekatua izan zuen, bi aurrelarien protagonismo handiarekin, baina azkar xamar apurtu zen oreka hori, batez ere Berastegiko atzelariari kosta egin baizitzaion aurkarien erauntsiari eustea. Saiatu zen, ahal zuen leku guztietatik sartuta, Miren Larrarte bere bikoteari laguntzen, baina dena eman bazuen ere, gasteiztarra eta azpeitiarra oso nagusi izan dira.  Nagusi izan ziren.

Arratsaldean oreka gutti

Arratsaldeko partidetan ez zen orekarik izan. Lehenbizikoaren emaitzak, 22-1, argi utzi du Iera Agirre leitzarrak eta Maite Ruiz de Larramendik, Andrea Aldaregia eta Nora Mendizabalekiko izan zuten nagusitasuna, nahiz eta partidako lehen tantoa latasarraren eta andoaindarraren alde erori zen. Pilota mistoarekin jokatutako lehen txapelketa zuten arren, 2020ko pilota goxoko txapeldunak dira, askorentzat, txapelak janzteko faborito nagusiak eta euren hautagaitza berretsi zuten, partida bikaina jokatuta. Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik goitik behera dominatu zituzten une oro ezinean aritu ziren aurkariak eta ordu erdian amaitu zuten kolore bakarreko partida. Exijentzia maila koxka bat igoko zaie finalerdietan izeba eta iloba lehiatuko diren partida berezian. 

Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek ere ez zuten gehiegi sufritu behar izan Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara (22-4) kanporatzeko. Olatz Arrizabalaga  lehen pilotakadatik partida erabakitzeko asmoz sartu zen eta 9-0eko partzialarekin azkar lortu zuen Gernikakoak aurkariak aukerarik gabe uztea. Bizkaitarra sakatzaile amorratua da, eta gaur oso alde handia ireki du, denera lortutako 18 tantoetatik 10 hasierako pilotakadarekin lortuz. Asteasukoa bezalako pilotaleku azkar batean, Ainhoa Ruiz de Infantek eta Arrate Bergarak ez zuten euren jokoa erakusteko aukerarik izan.

Emaitzak

  • Irantzu Etxebeste-Ruiz de Larramendi 2221 Amaia Aldai-Gentzane Aldai
  • Leire Garai-Oihana Orbegozo 22 / 6 Miren Larrarte-Ane Urkizu
  • Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi 221 Andrea Aldaregia-Nora Mendizabal
  • Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre 224 Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun