Leitzaldekoak eta Urumealdekoak dira soldata altuena duten eskualdeko herritarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 7a, 10:30

Nafarroa osoko datuekin konparatuz, gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko aldea handiagoa da eskualdean

Nafarroako Estatistika Institutuak herritarren bana bertzeko soldata gordinaren datuak argitaratu ditu. Azken datuak 2018koak dira, baina 2012tik izan den bilakaera ere ikus daiteke. Horren arabera, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako herritarrak dira soldatarik altuena dutenak.

Udalerriz udalerri 2012tik 2018ra bitartean herritarren bana bertzeko soldata gordina zenbatekoa den ageri da ondoko taulan. Nafarroako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez, 2.000 biztanletik goitiko udalerrietako datuak (izartxoa dutenak) errealak dira, TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremuaren kasuan, Baztan, Bera, Leitza eta Lesakakoak. Gainerako udalerrietako datuak, «datu gutti daudelako» eremuka argitaratu dituzte.

Datuen arabera, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako herritarrek dute soldata gordinik altuena, eta aldiz, Malerreka eta Bertizaranakoek eskualdeko baxuena.

Hortik aparte, deigarria eta salagarria da gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean dagoen alde nabarmena. Gizonezkoek emakumezkoek baino %25 gehiago kobratzen dute eskualdean eta Nafarroan %23,43koa da aldea. Eskualdean 2012tik 2014ra aldea murriztu zen; gero gorako bidea hartu zuen baina berriz soldata arrakala murrizten hasia zen. 2017tik 2018ra, ordea, %23,95etik %25,18ra igo zen aldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun