'Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina da udaberrikoa, eta aurtengoan Plateretik baratzera izena jarri diote. Bost litroko oliba-olio birjina estra botilak eska daitezke alde batetik, eta bestetik, arroza, pasta eta kontserbak. Guztia euskaraz etiketatua joanen da, eta ekoizlearen jatorrizko prezioa izanen dute produktuek. Olio-banaketa apirilean eginen da, eta arroz, pasta eta kontserben banaketa maiatzean edo ekainean.
Eskaintza
Azken urteotan agroekologiaren alde egiten ari diren apustuan sakontzeko eskaintza osatu dute aurtengoan:
-
Oliba-olio birjina estraren kasuan, lau barietate eskaintzen dituzte, bi ekologikoan ekoitziak —arbekina eta arroitz, bertako oliba-barietatea— eta bertze bi ez-ekologikoak —pikual eta enpeltre—.
-
Kontserben kasuan, ekoizpen ekologikoko bederatzi produktu eskaintzen dituzte —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, barazki-kremak eta txitxirioak— eta zazpi ez-ekologikoak —zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, zerba-penkak eta borraja sorta, potxak eta tomate frijitua—.
- Aipatutakoaz gain, arroz ekologikoa eta ez-ekologikoa eta pasta ekologiko sortak ere eskaintzen dituzte.
Produktu guztiak kalitate bikainekoak eta bertakoak dira. Ez bertan elaboratuak soilik, prozesuaren hasieratik bukaeraraino, bertan eginak.
«Gaurko kontsumoaren araberakoa izanen da biharko ekoizpena»
Kanpaina honen arduradunek adierazi dutenez, «azken urteetan frogatu dugu taldean arituta, milaka kontsumitzaileren hautu kontzienteek ekoizpenean eragin handia izan dezakete eta elikadura burujabetzaren bidean pausu ederrak eman ditzakegu denon artean» Eta ez hori bakarrik, «ikusi dugu Euskal Herriko kontsumitzaileek Agerreko (Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko) baratzera begiratu ahala, gero eta nafar ekoizle gehiago jarri direla Euskal Herriko plazari begira. Ikusi dugu hainbat produkturen eskaerak gora egin ahala, nekazarien eta transformatzaileen arteko adostasun berriak beharrezko izan direla, alde guztientzat bidezko harremanak ezarriz. Ikusi dugu produktu ekologikoen eskaerak gora egin ahala nola hazi den agroekologiaren printzipioak segituz ekoitzitako produktuen kopurua eta nola egin duten hainbat ekoizlek jauzia ez-ekologikotik ekologikora».
Kanpainaren funtzionamendua
Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bi doietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.
Aurten, hainbat produktutan kopuru mugak dituztela eta, bi bide prestatu dituzte eskaerak egiteko:
- Internetez, errigora.eus webgunean.
- Eta, Internet bidez eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik +34 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik +33 532 09 35 45 telefono zenbakira deituta.
Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian eginen dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean hartuko dira. Eskaera egiterakoan aukeratu behar da produktuak biltzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da biltzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak.
Ordainketa txartel bidez egiten dutenen kasuan, bi zatitan ordaintzeko aukera izanen da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez duenak, dena batera ordainduko du, eskudirutan, produktuak biltzean.
Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.
Eskualdeko banaketa guneak:
Areso (Aresoko Plaza zaharra), Azkaine (Bernadettenea), Baztan (Baztan Ikastola), Bera (Amaleun, Kultur Etxea), Doneztebe (zinema), Goizueta (Umore Ona elkartea), Leitza (Udal pabiloia), Lesaka (Arrano), Urruña-Pausu (Xaia ostatua).
Errigorari buruz
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Errigorak bi kanpaina nagusi egiten ditu urtero:
- Udaberrian Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura: eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko sortu zen kanpaina honetan oliba-olio birjina estra eta kontserba sortak Euskal Herri osoko etxeetara banatzen dira, bertako ekoizpena eta ekonomia sustatuz. Auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan jaso daitezke produktuak nork bere herrian.
- Udazkenean Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka: zonaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua eginez (saski bakoitzak duen balioaren %25a). Diru ekarpen honetatik edaten du Agerraldiak, baita zonaldeko ikastolek, Sortzenek eta AEKk ere.