M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

[M8 agenda]: filmak, antzerkiak, bizikleta martxa, liburu aurkezpena eta Lilatoiak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 6a, 08:00

Goizuetan 2020an egin zen Lilatoi mistoko argazkia.

Martxoaren 8aren bueltan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau zabala antolatu dute eskualdeko talde feministek, emakume taldeek eta herritarrek. Elkarrekin karrikak morez margotzeko prest daude

Gaur, martxoaren 6an, hona herriz herri antolatutako egitarau zabala:

Malerrekan, Lilatoi herrikoia

Iturengo plazatik 11:00etan hasita Doneztebera Lilatoi herrikoia eginen dute.

Etxalarren, antzerki umoretsua

Larunbatean, 11:30ean, frontoian elkartu eta musikaz giroturik, distantziak mantenduz, kultur etxera hurbilduko dira 12:00etarako, Pantxika Lamurren antzerkia ikusteko. Antzerkiaren ondotik berriz ere musikariarekin plazara itzuliko dira agerraldia egitera.

Beran, bizikleta martxa

Larunbatean, 17:00etan hasita herrian barna bizikleta martxa eginen dute.

Ezkurran, ipuin-antzeztua

17:00etan Printzesa edo igela nire aukera ipuin-antzeztua eskainiko dute. Conchi eta Maite Redinek, Adriana Olmedok eta Ainhoa Ruizek osatutako T Diferencia taldearen emanaldia herriko frontoian izanen da.

Goizuetan, Lilatoi mistoa

Goizuetako Emakume taldeak antolatuta, plazatik abiatuta lilatoi mistoa eginen dute 17:00etan. Lau laguneko taldeak eginen dira eta izen-emateak ostiral arratsaldera arte egin daitezke Amaia Kafetegian edo goizuetakoemakumeak@gmail.com helbidean.

Arantzan, Zuretzat liburuaren aurkezpena

Mentxu Peñaren eskutik Zuretzat liburuaren aurkezpena izanen dute, 18:00etan gimnasioan.

Leitzan, Erradikalak ginen antzezlana

Herri Aretoan Erradikalak ginen antzezlana  18:00etan eskainiko dute. Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak bakarrizketak eta bertsoak tartekatuko dituzte. Neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gaiz ariko dira.

Aranon, Emakumeak erne dokumentala

M8 Betaurreko Moreak taldeak Emakumeak erne dokumentala pantailaratuko du 18:00etan Maisuenean.

Urdazubin, Ane filma

Kultur etxean 19:00etan Ane pelikula pantailaratuko dute.

Sinopsia

Etxebizitza batzuen desjabetzearen ondorioz, 2009an Gasteizko auzo batean istiluak izan ziren. Lide sortutako istiluen artean, Ane alaba etxean ez dagoela konturatuko da. Lide, Fernando senar ohiarekin batera, alaba non dagoen ikertzen hasiko da. Honetan dabilela, Aneren munduan sartuko da eta alaba ezezaguna duela konturatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun