M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

2020ko Emakumeen Egunaren eskualdeko errepasoa iruditan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 8a, 08:00

Aitzineko urtean martxoaren 8aren bueltan eskualdean hainbat ekitaldi antolatu ziren. 

Zubietan, emakumeen afaria

Emakumeen Egunaren aitzakiapean, martxoaren 7an 20 emakume inguru bildu ziren Zubietan egin zuten afarian. Bapo afaldu ondotik, kantuan eta dantzan ibiltzeko aukera izan zuten Joxe Mari Mitxelena eta Olaia Loiarteren eskutik.

Narbarten, emakumeen afaria

Narbarten ere, bezperatik hasi ziren Emakumeen Eguna ospatzen.

 

Igantzin, Bortzirietako Emakumeen Mendi Itzulia

09:00etan udaletxe ataritik abiatuta egin zuten Bortzirietako emakumeek ibilaldia. Ondotik, 13:00etan elkarretaratzea egin zuten udaletxe parean, 13:15ean triki-salda poteoa eta 14:00etan bazkaria izan zuten. 

 

Arantzan, elkarretaratze jendetsua

Aranztarrek ere ez zuten data pasatzen utzi. Eskolako ikasle eta irakasleekin batera, hainbat herritar bildu ziren plazan Emakumeen Eguna aldarrikatzeko.

Lesakan, kafe tertulia eta lerro-dantza

10:00etan kafe tertulia izan zuten eta bertan, Lesakako emakumeen kontuak izan zituzten hizpide. Ondotik, lerro-dantza emakume taldearekin dantza tailerra, jokoak, kalejira... egin zituzten

 

Beran, lila-katea

Goldatz Berako talde feministak egindako deialdiari erantzunez, 12:00etan elkartu eta Lila katea osatu zuten Altzateko plazatik hasi eta Eztegarako pilota lekuraino. Ondotik Merkatu plazan taldeko argazkia atera zuten.

 

Etxalarren, trikipoteoa eta elkarretaratzea

Eguerdian trikitilarien laguntzarekin trikipoteoan kantuan aritu ziren, elkartu eta ondotik giza-katea egin zuten plaza inguruan

 

Baztanen, saretze feminista

Lekaroztik 11:00etan abiatuta Elizondoko plazaraino saretze feminista egun zuten. Bidean, emakumeen borroka-zutabeak ikusarazi zituzten:  lurraren defentsa eta nekazaritza, euskara, lan feminizatuak eta prekarietatea, gazteak eta migratzaileak aztertuz. Ibilbidea borobiltzeko, 12:00etan, Elizondoko plazan aldarrikapenak irakurri eta manifestazioa egin zuten.

 

Donezteben, bazkaria eta eskualdeko manifestazioa

Aitzineko urtean, Baztan-Bidasoaldeko talde feministek martxoaren 8rako deitutako Emakumeen Eguneko manifestazioa Donezteben egin zen. Eskualdeko herritar andana bildu zen aldarrikapenez betetako hitzorduan. Lehenbiziko bazkari autogestionatu izan zuten, eta ondotik tribial feminista egin zuten. Eguna aldarriekin bukatuz, 17:00etan manifestazioa deitu zuten. Herriari itzulia eman eta eliz atarian akitu zuten buelta, musikaz girotutako aldarrikapenak adituz.

Joaldunek ere ez zuten hutsik egin.

 

Zugarramurdin, elkarretaratzea eta bazkaria

2020 urte hasieran sortu zen Zugarramurdiko Feministen Taldea. Lanean segidan hasi ziren, eta otsailean solasaldi bat eskaini zuten. Martxoan berriz, Emakumearen Eguna dela eta, kontzentrazioz gain, bazkari autogestionatu bat antolatu zuten eta historian lehen aldiz, manifestazioa ere egin zuten, Berdintasunik gabe, bakerik ez zioen pankartaren gibeletik karrikaz karrika. Aipatzekoa da Gipuzkoatik etorritako Emakume Nekazarien Elkarteko kideek ere parte hartu zutela kontzentrazioan.

 

Urdazubin, elkarretaratzea

Urdazubin ere Emakumeen Egunaren harira, elkarretaratzea egin zuten Herriko Etxearen aitzinean. Jende andana bildu zen «orain inoiz baino gehiago gibelat pauso bat bera ere ez» lelopean.

 

Goizuetan, Lilatoi musikatua

Goizean Lilatoi musikatua egin eta gero, emakumeen bazkaria izan zuten Oxeguardan. Arratsaldean kalejira morea antolatu zuten.

 

Leitzan, musika, bazkaria eta aldarrikapenak

Martxoaren 8an 11:30ean plazatik abiatuta kaleak bete eta eraldatu zituzten. Kalejira berezia osatu zuten; herriko sei kaleri, herriko sei emakumeren izenak emanaz. Horrela, hainbat muga gaindituta, hainbat esparrutan egindako lana aitortu nahi izan zieten. Bazkaria eta bazkalosteko akelarrearekin borobildu zuten eguna.

 

Areson, betaurreko moreak

Ikasle eta gurasoak bildu ziren eskolan, betaurreko moreak jantzita euren bizipenak partekatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun