Larunbatean Asteasun abiatuko da eskuz binakako Master Laboral Kutxa 2021 pilota txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 14:00

Iera Agirre leitzarra eta Irantzu Etxebeste beratarra izanen dira eskualdeko ordezkariak

Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, emakumezkoen esku pilota txapelketarik garrantzitsuena bueltan da, osasun larrialdi egoerara moldatuko eskaintza paregabe batekin. Azken urteetako ohiturari jarraituz, denboraldia Binakako txapelketarekin hastea zen asmoa eta horretarako abenduan izen ematea zabaldu zen, asmoa txapelketa erabat irekia egitea baitzen. Beti bezala, pilotarien erantzuna sekulakoa izan zen, 80 emakumek eman baitzuten izena pilota goxoan eta bertze 28k mistoarekin, pandemiak pandemia, emakumeek pilotan lehiatzen segitu nahi dutenaren seinale.

Hala ere, indarrean dauden mugikortasun murrizpenek ezinezkoa egin dute halako txapelketa handi bat osatzea eta Eusko Jaurlaritzarekin formatu murriztu batean goi mailako txapelketa bat antolatzea adostu dute. Horrela jaio da eskuz binakako Master Laboral Kutxa 2021, martxoaren 6an Asteasun abiatuko den lehiaketa berria. Denera 16 pilotarik, zortzi bikotek, izannen dute pilota mistoarekin jokatuko den txapelketa honetan parte hartzeko aukera.

Martxoaren seian, larunbatez, ekinen diote lehiaketari, final laurdenekin. Jardunaldia bitan banatuko da eta goizez bi partida jokatuko dira A taldeko Irantzu Etxebeste beratarra eta Olatz Ruiz de Larramendi, Amaia Aldai eta Gentzane Aldairen kontra eta B-ko  Leire Garai eta Oihana Orbegozo, Miren Larrarte eta Ane Urkizuren kontra. Arratsaldeko jaialdia ETB-k zuzenean emanen du, 15:30etik aitzinera. Bertan arituko dira A multzoko Iera Agirre leitzarra eta Maite Ruiz de Larramendi, Andrea Aldaregia eta Nora Mendizabalen kontra eta B-ko Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre, Ainhoa Ruiz de Infante eta Arrate Bergararen kontra.

Kanporaketa hauetan irabazle ateratzen diren bikoteek finalerdiak bi aste geroago, martxoaren 20an, jokatuko dituzte, 15:30etik aitzinera, hauek ere telebistako kamerak zuzenean direla, Irungo Urantzu pilotalekuan. Iaz bezala, finala ere Irunen jokatuko dute, apirilaren 4an, eguerdian, nola ez, ETBk zuzenean emana.

Baina egungo esku pilotaririk onenak batuko dituen txapelketa hau ez da Bilboko Euskal Museoan aurkeztu den denboraldi berriak dakarren berrikuntza bakarra. Izan ere, garai berrietara egokitzeko asmoz, Emakume Master Cup-eko antolatzaileek erakundearen web orrialde berria (http://www.emakumemastercup.eus) ere erakutsi diete bertan bildutako pilotari eta kazetariei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun