Sagardotegi denboraldia asteburuan abiatuko da Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 25a, 18:00
Nafarroako Sagardotegi Elkarteko ordezkariak 2019an Linddurrenbordako atarian. Ezkerretik hasita lehenbizikoa da Juan Mari Lopez eta hirugarrena Jesus Angel Garcia.

Lekarozko Larraldean eta Lesakako Linddurrenbordan itxaropen handiegirik gabe irekiko dituzte ateak, azken urteetan baino sagardo guttiago kupeleratuta

Aurten ez da txotx denboraldiaren ohiko irekiera ospakizunik egiterik izanen, baina Nafarroako sagardotegiek larunbatean irekiko dituzte ateak. Bertzelako ostatuetan eta jatetxeetan bezala, barreneko aldean %30eko edukiera izanen dute. Lekarozko Larraldea sagardotegiko Jesus Angel Garciarekin eta Lesakako Linddurrenbordako Juan Mari Lopezekin izan gara.


Lekarozko Larraldean ia 20.000 litro kupeleratuak

Larraldeako Jesus Angel Garciak aipatu digunez, «gure sagardotegiaren kasuan, barreneko aldean %30eko edukiera baimendua izateak 40 bat bezero sartu ahal izatea erran nahi du. Kanpoko aldean ere baditugu mahai batzuk, baina oraindik hotz egiten du kanpoan zerbitzatu ahal izateko, hau ez da Valentzia!». Joan den urtean, txotx denboraldia hasi eta agudo itxi behar izan zituzten ateak. Garciak aipatu digunez, «egia da gure salmentaren %80 edo %90 botilatan egiten dugula, eta lan hori egin genuen iaz ere, baina sagardotegian eragin zigun, noski: ez genuen bestarik izan, ez Aste Santurik, ezta sanferminik ere… Botilak ere urte normal batean baino aunitzez guttiago saldu genituen, dudarik gabe. Alde guztietan eta arlo guztietan bezala, gurean ere eragin zuen koronabirusak».

Aurten 20.000 litro sagardo inguru egin eta kupeleratu dituzte, «azken urteetan baino gutixeago. Bertako gure sagarrarekin egin dugu zati bat eta bertzea Nafarroa Beheretik, Izpuratik, bertako sagarra era ekologikoan landua». Etorkizunari begira, «segurtasun gabezia» azpimarratu du Garciak: «duela hilabete bat, ireki behar genuenean eman zuten ostalaritza ixteko agindua, orain %30eko mugarekin ireki dezakegu eta gero, ez dakigu hemendik hilabete batera berriz itxi beharko dugun, muga gehiago ezarriko dituzten… Hilabete beranduago hasi garenez, ondotik denboraldia pixko bat luzatzea espero dugu, baina ikusi beharko! Bakoitzak ahal duguna edo uzten digutena egin beharko dugu! Asteburu honetan, adibidez, Nafarroako bezeroak bakarrik izaten ahal ditugu, ea mugak irekitzen dizkiguten, Iparraldetik eta Gipuzkoatik ere bezeroak izaten baititugu, hemengoak Gipuzkoara joaten diren bezalaxe».

Joan den urtean Larraldean egin zuten denboraldiko irekiera ekitaldia. Jakoba Errekondo izan zen urteko sagardoa dastatzen lehena.

 

Lesakako Linddurrenbordan 12.000 litro, «azken urteetan baino erdia baino guttiago»

Lesakako Linddurrenbordako kasuan, asteburukoa denboraldi honetako berrirekiera izanen da. «Lesakan San Anton eguna handia izaten da eta asteburu horretan eta astebete lehenagotik, Errege egunaren ondotik ireki genuen. Gero etorri zen itxiera», aipatu digu Juan Mari Lopezek. Joan den urtean baino dexente litro litro gutxiago kupeleratu dituzte Linddurrenbordan ere, Lopezek aipatu digunez: «Dozena bat mila litro inguru egin dugu, azken urteetan baino erdia baino gutxiago. Joan den urtekoa saldu gabe gelditu zitzaigun asko, bai kupeletik, baita botilan ere gutxiago saldu genuen eta aurtengo txotx denboraldirako ere ez genuen esperantza handirik sagardoa egin genuen garaian. Gainera, gure inguruan ez dugu sagar askorik izan aurten. Guk sagarra dena kanpotik ekarri dugu aurten, Donibane Lohizune ondotik, Izpuratik». %30eko edukieran 40 bat lagun sartzen dira Linddurrenbordan, «ezer ere ez da tokatzen» dio Lopezek, eta kanpoko aldean, terrazan ere mahai dexente antolatu badituzte ere, oraindik ez dagoela horretarako girorik uste du Linddurrenbordakoak: «Hau haize lekua da eta asteburuan freskatzera emana dute. Eguraldi ederrarekin bai. Orain, norbaitek esaten badigu, euririk ez dela eta berokia ongi lotu eta kanpoan nahi duela, guk emango diogu, problemarik gabe, baina gainerakoan barrenean beharko du!».

Sagardotegi denboraldian ez ezik, berez, urte osoan irekia izaten dute Linddurrenborda sagardotegia, «baina urte berezi honetan, ikusi beharko dugu zer egiten uzten diguten, igual hemendik bi hilabetera berriz ere itxi beharra daukagu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun