M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Martxoaren 8aren inguruan ekitaldi andana prest dituzte eskualdean

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 09:00
Martxoaren 8ko elkarretaratzea duela bi urte Elizondoko plazan. Argazkia: Juan Mari Ondikol.

Martxoaren 8aren bueltan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau zabala antolatu dute eskualdeko talde feministek, emakume taldeek eta herritarrek. Elkarrekin karrikak morez margotzeko prest daude.

Igandean, hilaren 7an, Baztan-Bidasoa eskualdeko ekimen nagusia Saran eta Zugarramurdin izanen dute. Eguerdian, 12:00etan, bilduko dira eta Inposizio, inkisizioaren gainetik, herri feminista bat gira lemapean manifestazioa eginen dute. Ondotik, aperitifa izanen dute. 16:00etan Zugarramurdiko karrikak girotzeko, kalejira feminista izanen dute, Saretik aldarrikatzera goiburupean.

Xareta

Martxoaren 6an, larunbata

  • Urdazubiko kultur etxean Ane pelikula pantailaratuko dute, 19:00etan.

Martxoaren 8an, astelehena

  • Xaretako herri bakoitzean elkarretaratzeak eginen dituzte.

Bortziriak

Martxoaren 5ean, ortziralea

  • Berako kultur etxean El orden divino pelikula pantailaratuko dute, 19:00etan.

Martxoaren 6an, larunbata

  • Etxalarren, 11:30ean, frontoian elkartu eta musikaz giroturik, distantziak mantenduz, kultur etxera hurbilduko dira 12:00etarako, Pantxika Lamurren antzerkia ikusteko. Antzerkiaren ondotik berriz ere musikariarekin plazara itzuliko dira agerraldia egitera.
  • Beran, 17:00etan hasita herrian barna bizikleta martxa eginen dute.
  • Arantzan Mentxu Peñaren eskutik Zuretzat liburuaren aurkezpena izanen dute, 18:00etan gimnasioan.

Martxoaren 7an, igandea

  • Beratarrek 09:30ean Lizuniagatik abiatuta mendi martxa antolatu dute. Bakoitzak bere bazkaria eramateko deia egin dute.
  • Aranztarrak 10:00etan plazan bildu eta mendi irteera eginen dute. Arratsaldean, Cholitas dokumentala pantailaratuko dute gimnasioan 18:00etan.

Martxoaren 8an, astelehena

  • Arantzako plazan 12:00etan elkarretaratzea eginen dute.
  • Lesakako Arrano elkartean berendu musikatua izanen dute 18:00etan eta ondotik, 20:00etan elkarretaraztea herriko plazan.

Bertizarana- Malerreka

Martxoaren 6an, larunbata

  • Iturengo plazatik 11:00etan hasita Doneztebera Lilatoi herrikoia eginen dute.
  • Ezkurran 17:00etan Printzesa edo igela nire aukera ipuin-antzeztua eskainiko dute. Conchi eta Maite Redinek, Adriana Olmedok eta Ainhoa Ruizek osatutako T Diferencia taldearen emanaldia herriko frontoian izanen da.

Martxoaren 7an, igandea

  • Ezkurran 10:00etan frontoitik hasita mendi buelta eginen dute.
  • Donezteben bi ero diskotekan antzerkia taularatuko dute zineman 18:30ean.

Martxoaren 8an, astelehena

  • Doneztebeko biribilgunean elkarretaratzea deitu dute 19:00etan.

Martxoaren 12an, ortziralea

  • Donezteben Irantzu Varelaren bakarrizketa izanen dute 19:30ean zineman.

Leitzaldea

Martxoaren 4an, osteguna

  • Leitzaldeko irakurle talde feministak 18:30ean Leitzako Atekabeltzen egin du hurrengo hitzordua. Bertan, Aroa Uhartek itzulitako Erle langileen amodioak liburua izanen dute hizpide.

Martxoaren 5ean, ostirala

  • Zootropolis haurrentzako filma pantailaratuko dute Goizuetako Udaletxeko ganbaran 19:00etan.

Martxoaren 6an, larunbata

  • Goizuetako Emakume taldeak antolatuta, plazatik abiatuta lilatoi mistoa eginen dute 17:00etan. Lau laguneko taldeak eginen dira eta izen-emateak ostiral arratsaldera arte egin daitezke Amaia Kafetegian edo goizuetakoemakumeak@gmail.com helbidean.
  • Leitzan Erradikalak ginen antzezlana Herri Aretoan, 18:00etan eskainiko dute. Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak bakarrizketak eta bertsoak tartekatuko dituzte. 'Neska gazte promesa' etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gaiz ariko dira.
  • AranoEmakumeak erne  dokumentala pantailaratuko dute 18:00etan Maisuenean M8 Betaurreko Moreak.

Martxoaren 7an, igandea

  • Leitzako Torrean bildu eta irratsaio-poteo feminista eginen dute 12:00etan. Arratsaldean, Sugarren mende liburuaren aurkezpena izanen dute. Hitzordua 18:00etan Herri Aretoan egina dute.
  • M8 Betaurreko Moreak antolatuta, Jaione Urtasunen eskutik 4 urtetik gorako haurrek Pontxarekin ipuin berdin ipuin kontaketa izanen dute Aranoko Maisuenean 17:00etan.
  • Hego haizearen ipuinak  ipuin kontaketa musikatua antolatu du Goizuetako Emakume taldeak Udaletxeko ganbaran 18:00etan.

Martxoaren 8an, astelehena

  • Goizuetan hip-hop dantza taldearen emanaldiarekin eta zuzeneko musikarekin 18:00etan plazan elkarretaratzea eginen dute.
  • Leitzan Dena aldatuz sistema arrakala lemapean 20:00etan Lopenean kontzentrazioa deitu dute.

Martxoaren 11n, osteguna

  • Cholitas dokumentala pantailaratuko dute 18:30ean Leitzako Herri Aretoan.

Martxoaren 13an, larunbata

  • Gorputzetik plazerera yoga erlaxazio saioa izanen dute 11:00etatik hasita Leitzan. Tokia parte-hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko dute.
  • Jaione Urtasunen eskutik 4 urtetik gorako haurrek Pontxarekin ipuin berdin ipuin kontaketa izanen dute Areson 17:00etan.

Martxoaren 4tik 14ra, Leitzako Herri Aretoan Geroa ereiten murala ikusgai egonen da.

Baztan

Martxoaren 8an, astelehena

  • Astelehenean, martxoaren 8an, 19:00etan Elizondoko plazan elkarretaratzea eginen dute, Bakartze inposatuaren aitzinean, gora saretze feminista lelopean.

Martxoaren 12an, ortziralea

  • Ortziralean, martxoaren 12an, Alazne Untxalo Erregerena, Irati Majuelo Itoiz eta Saioa Alkaiza Guallar bertsolarien eskutik, bertso saioa izanen dute. Maialen Belarra Eneterreaga izanen da gai-jartzailea. Iruritako Gizarte Bilgunea doinu eta errimez beteko da 19:00etatik goiti. Sarrera doan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun