Helduen euskalduntzeari bultzada emateko dinamika martxan paratu du AEKk

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 25a, 20:00

Martxoaren 28an gutienez 45 «ekitaldi xume» eginen dituzte. AEKk gutun bana bidaliko die Euskal Herriko administrazio nagusiei euskalduntze prozesuaren garrantzia gogorarazteko, eta diru kanpaina ere abian paratu du. 

Korrika egitasmoa bi urtero egiten den ekimena da eta, hain zuzen, 2021. urtea Korrikarena izan behar zuen. Zoritxarrez, iazko urrian aitzindu zuten urtebete gibelatuko zutela euskararen aldeko lasterketa kolektiboa. Hala ere, AEKk ez du data pasatzen utzi eta Euskal Herria euskalduna izateko euskaltegiek duten ezinbertzeko rola azpimarratu du Bultza euskaltegiak! Bultza euskara dinamikaren bidez. Dagoeneko ekarpenak egiteko aukera dago AEKren webgunean bertan.

Kanpainaren baitan hiru administrazioetara gutun bana bidaliko du apirilean AEKk. Duela 55 urte Rikardo Arregi euskaltzale eta kazetariak Euskaltzaindiari bidali zion gutunaren funtsa gogoratu du elkarteak. Orduko hartan, helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazi zion Arregik akademiari, eta esparru hori sustatzeko beharra azpimarratu zuen. Gutun hura bidali zenetik mende erdi pasa denean, AEKk hiru erakundeei gogoraraziko die euskalduntze prozesuaren normalizazioan urratsak egiteko garaia dela. Iragarri dutenez, gutunaren eduki zehatza apirilean aurkeztuko du AEKk.

Ekitaldiak martxoan

Oraindik ez dute zehaztu zein motatako ekitaldiak izanen diren, eta ekitaldiak non eta nola eginen diren ere martxo erdialdean zehaztuko dituztela iragarri dute. Hala ere, AEKk adierazi duenez, unean uneko osasun egoerara egokitutakoak izanen dira. «Xumeak izango dira, ezingo dugu nahiko genukeen jende kopurua bildu». Baina ekimen horiek, nolabait Korrikaren hutsunea beteko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun