Bidasoan agertu zen Mikel Zabalzaren auzia kongresura eramanen dute

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 23a, 17:00

Bel Pozuetak, Nafarroako EH Bilduko diputatuak, Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskaera egin du, Guardia Zibileko goi-agintarien grabazio batzuek Mikel Zabalza nafarra Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zela baieztatu ondotik.

Atzo Bel Pozuetak Fernando Grande Marlaska Barne ministroari eskatu zion «Mikel Zabalzaren tortura kasuari buruz duen informazioa azaltzeko, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek torturen erabilera, bai eta gertakari horiek argitzeko abian jarriko dituen ikerketak ere azaltzeko».

EH Bilduren ustez, atzo Publico komunikabideak argitaratutako grabazioek «berresten dute torturaren erabilera sistematikoa izan dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan, zigorgabetasun osoz». Koalizioak «tabu eta mespretxurik gabe argitu, aitortu eta konpondu beharreko errealitate baten aurrean gaude», defendatu du.

Modu berean, Bel Pozueta diputatuak Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldiaren eskaera ere egin du. Pozuetak «Luis Alberto Perote CESID koronel ohiak Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzan izan duen inplikazioa azal dezan» eskatu du. Izan ere, «ministroak haren inplikazioa ezagutzen zuen, eta Defentsa Ministerioak agindutako kapitain-igoeraren arrazoiak azal ditzan» nahi du EH Bilduko diputatuak.

Gainera, Jose Manuel Marin Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buruari«Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzan zerikusia duten gertakari guztiak eta eragileak ezagutzeko abian jarriko dituen ikerketei buruzko informazioa eman dezan, eta antzeko kasuak gertatu diren, zein diren eta zein egoeratan dauden argitzeko» eskatu dio Pozuetak.

Azkenik, Mikel Zabalzaren kasua Kongresura eramanen du asteazken honetan Mertxe Aizpurua bozeramaileak, Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela eta sistematikoki torturatzen zela frogatu ondotik. Izan ere, Publico egunkariak atzo argitaratutako audioetan, Luis Alberto Perote CESIDeko zerbitzu sekretuetako koronel ohiak eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak (1997an karguz goitu zuen Defentsa Ministerioak GALekin lotura izan arren) onartu egiten dute Zabalza torturak jasan ondotik hil zitzaiela Intxaurrondoko kuartelean. Elkarrizketan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri erran zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan gelditu zaie. Nire irudipena da galdeketan bihotzekoak eman ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Akats asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabaltzari». Horrela, bihar EH Bildu Talde Parlamentarioak Pedro Sanchezi «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» galdetuko dio.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun