Errigoraren kanpaina martxoaren 4an hasiko da

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 27a, 11:00
Ekimen herritar honek Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Udaberrian ere Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta. Eskaera-epea martxoaren 4tik 24ra bada ere, banaketa bi txandatan egiten dute: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak.

Hemen da berriz Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Martxoaren 4tik 24ra bertako oliba-olio birjina estra (5 litroka) eta kontserba, arroz eta pasta- sortak (12 unitateka) eskatu ahal izanen dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. «Ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat proposatu nahi dugu. Izan ere, gaurko kontsumoaren araberakoa izanen da biharko ekoizpena», diote.

Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian eginen dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dira. Eskaera egiterakoan aukeratu behar da produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak. Ordainketa txartel bidez egiten dutenen kasuan, bi zatitan ordaintzeko aukera izanen da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez duenak, dena batera ordainduko du, eskudirutan, produktuak jasotzean. Hau guztia auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, «olio-errota edo kontserba- etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean».

Ttipi Txartela dutenen artean lehiaketa

Azken urteetan, Ttipi-Ttapako harpidedunak zuzenean sartzen ziren Errigorako saskien zozketan. Aurten, Meknaren bidez harpidetza egin dutenek erran.eus webgunearen bitartez lehiaketa batean parte hartu beharko dute eta bertan proposatuko diren kanpainari buruzko hiru galderei erantzun. Zuzen erantzuten dutenen artean eginen da zozketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun