Kartzeletan komunikazioak gelditu izana salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat eragilek

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 19a, 16:00

Giza eskubideen aldeko eragile hauek gogoratu dute Espainiako Barne Ministerioaren menpeko «kartzela gehienek» komunikazioak gelditu zituztela otsailaren 2ko gomendioaren ondoren. «Pandemia hasi zenetik, milaka pertsonak ezin izan dituzte beren bikotekideak, senideak edota lagunak ukitu». Gainera, martxoaz geroztik «aurrez aurreko intimo guztiak bertan behera utzi» zituztela adierazi dute. Momenturen batean, «ahalbidetu» bazituzten ere, berriz ere gelditu egin dituztela azpimarratu dute.

Covid-19aren hedapena saihesteko kartzelak «blindatzea» gomendatu zuen Espainiako Espetxe Agintaritzaren Zuzendaritzak otsailaren 2an. Ordutik, komunikazioak geldituak daude eta erabaki hori presoen kontrako «eraso zuzena» dela salatu dute giza eskubideen aldeko 18 eragilek. Jakitera eman dutenez erabaki honekin «Espainiako Konstituzioak bermatutako eskubide bat urratzen» dute. Aitzineko urteko «martxo eta maiatz artean izan zen erabateko itxialdi batean» ez badaude ere, Espainiako Espetxe Agintaritzaren erabakia «gogorregia» dela salatu dute. Oharra sinatu dutenen artean daude Etxerat, Sare, Nafarroako Salhaketa eta Arabako Salhaketa

Oharrak dioenez, agintaritzak, «trukean» ordaindu beharreko telefono deiak eskaini zizkien presoei, baita bideo deiak ere. Modu honetan, Espainiako Espetxe Agintaritzak «datu positibo» bezala aurkeztu zituen 2020ko martxo eta maiatz artean 54.000 bideo dei egin zirenaren datuak. Errealitatetik urrun, giza eskubideen elkarteek egindako kalkuluak aintzat hartuz, Espainiako Estatutako kartzeletan dauden 33.500 presoek —hirugarren graduan daudenak kenduta— pertsonako 1,6 bideo dei egin ahal izan zituzten hilabete horietan. Azkenik, aurrez aurreko «kontaktua ordezkatzeko» bideo dei horiek ez dituzte preso guztientzat mantendu, eta horien arteko maiztasuna ere «ez dute handitu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun