'Herri bat gira, mugarik ez, indar okupatzaileak kanporat' lelopean elkarretaratzea eginen dute larunbatean Izpegin

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 16a, 15:00

Urtarrilaren 23an Izpegiko lepoan egindako elkarretaratzea.

«Astetik astera egoera okertzen» ari dela eta «mugaren hestea erabaki onartezina» dela salatzeko larunbatean, otsailaren 20an, Izpegiko lepoan biltzeko deia egin dute Baigorri aldeko hainbat herritarrek. 

«Eguneroko presentzia militarra eta inposatutako erabakiak» salatzen segitzen dute Baigorri aldean, eta «astetik astera okertzen ari den egoerarekin kezkaturik eta mugaren hestearen erabaki onartezinaren ondorioz, gure desadostasuna adierazteko», larunbatean elkarretaratzea deitu dute Baigorri aldeko hainbat herritarrek. Herri bat gira, mugarik ez, indar okupatzaileak kanporat! lelopean Izpegiko lepoan bilduko dira, 15:30ean.

Prentsara igorritako oharrean salatu duenez, «ez da Frantziako estatuak herritarrak kontsultatu gabe, bere indarrak gure herrietan hedatzen dituen lehen aldia». Lehenbiziko konfinamenduan, «polizia eta militarren presentzia azkarki sentitu» zutela diote, «lurrean zein airean, polizia kontrola azkartuz eta zerua militarren aireko entrenamendu eremu bilakatuz». Bigarren konfinamendua hasi denetik, berriz, «kontrola azkartzeko berriz ere jendarme gehiago etorri dira gure eskualdera, oraindik hemen direnak».

«Bigarren konfinamendua hasi denetik kontrola azkartzeko jendarme gehiago etorri dira»

Duela zenbat hilabetetik 60 bat militar Baigorrin kokatuak dira, eta oharrean diotenez, «biztanleei etengabeko presentzia militarra inposatzen» diete, «okupazio giro hotz eta bortitza sortuz». Erabakia «terrorismoaren kontrako aitzakiarekin ezarria» dela uste dute, «immigrazioa oraino gehiago kontrolatuz. Holako erabakiek etorkinak manera bortitzean kaltetzen dituzte, jadanik dituzten bizi baldintza gogorrak handituz».

Militarren presentziaz gain, mugen hestea kritikatu dute, «gutariko anitzen bizi soziala, familiarra eta profesionala egun batetik bertzera kolpatu» dutela erranez: «inposatzen diguten muga horren bi aldeetan euskaldunak gara, herri bakarra gara eta zatiketa hori ez dugu onartzen». «Frantziako indar okupatzaileak gure herrialdean izatea, probokaziotzat» dute: «Frantziako eta Espainiako gobernuek, manera zentralista eta autoritarioan, euskal herritarren bizia eta egunerokoa batere kontuan hartu gabe, beren nahiak inposatu dizkigute aldi honetan ere».

Hori guztia salatu nahi dute larunbateko hitzorduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun