EuskarAbentura

Euskarabentura espedizioan izena emateko epea zabalik da martxoaren 12ra arte

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 15a, 18:00

Eskualdeko lau gaztek EuskarAbenturaren bigarren edizioan parte hartu zuten.

Aurkezpen bideoa eta proiektua bidaltzeko epea martxoaren 12an akituko da.

Euskarabentura espedizioak uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzeko aukera ematen die zazpi lurraldetako eta diasporako 120 gazteri. Euskara eta abentura uztartzen dituen espedizioaren hirugarren edizioan parte hartu nahi dutenendako izen-ematea irekita dago dagoeneko eta parte hartu ahal izateko 2004an eta 2005ean jaioa izatea eta euskaraz jakitea aski izanen da.

Hautagaiek http://www.euskarabentura.eus/ webgunean eskatutako gaztearen eta haren guraso edo tutoreen datuak betetzeaz gain, aurkezpen bideoa eta proiektu bat bidali beharko dute. Proiektua egiteko hiru gai dituzte aukeran: baserritik sardexkara, klik eta post eta adina, jakintzaren iturri.

Egindako lanak historikoak, literarioak, ikus-entzunezkoak, musikalak, plastikoak edota sormen digitalekoak izan daitezke eta hautatutakoaren arabera, bidali beharreko dokumentuak oinarrien taulan zehaztuta daude.

Lanak martxoaren 12ra arte bidal daitezke eta apirilaren 23an behin-behineko hautatuen zerrenda argitaratuko dute. Aukeratuak izan direnek astebeteko epea izanen dute (hilaren 30era arte) eskatutako dokumentuak eta ziurtagiria bidaltzeko. Bakarren batek uko eginez gero, itxaron zerrendako hurrenkerari jarraituz, hurrengoari aukera emanen diote.

Koronabirusaren bilakaerak baldintzatua

EuskarAbentura Elkartetik jakinarazi dutenez, «eskuartean dagoen guztia» eginen dute 2021ko udan EuskarAbentura Espedizioa antolatzeko. Hala ere, ezin dute ziurtatu «ibilbide originala jarraituko duen 120 gaztez osatutako hilabete osoko espedizioa» antolatu ahal izanen duten. Horregatik, «ekintza momentuko egoeraren arabera» antolatuko dute, «indarrean dauden prebentzio neurriak errespetatuz». Hala «parte-hartzaile kopuruan, iraupenean, ibilbidean...» aldaketak egon daitezkeela aurreratu nahi izan dute: «data hurbildu ahala hartzen ditugun erabakien berri emanen dizuegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun