2021eko egitasmoak aitzinera eramateko Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak 50.870 euroko aurrekontua onartu du

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 11a, 10:00
2021ean Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak garatuko duen egitasmo nagusiaren izena Basoa sentitu da.

Baztan-Bidasoa Turismoa Elkarteak urte hasierako batzar orokorra egin du. Bertan, 2020ko balantzea defizitik gabe itxi dute eta 2021erako egitasmoak eta 50.870 euroko aurrekontua onartu dute.

2020ko balantzea 

Patxiku Irisarri Baztan-Bidasoa Turismo elkartearen lehendakariaren hitzetan, «2020a urte zaila izan da eta 2021a ez da xamurra izanen». Nolanahi ere, «auzolanean lan egitea izan da eta izanen da gakoa» gaineratu du.

Irisarrik adierazi duenez, «garai zailenetan, elkartea hemen izan da, kideei laguntza eta elkartasuna adierazteko». Konfinamendu garaian, «borrokan jarraitu du elkarteak sare sozialen bidez, kideen egoera zein zen azalduz eta egoerara moldatuz, kanporako komunikazioarekin jarraituz». Aldi berean, «barne komunikazioa indartu egin zuen elkarteak, kideei unean-uneko informazioa helaraziz, aholkularitza zerbitzua emanez zein kontingentzia planak errazten». Lehendakariak adierazi duenez «elkarlanak Baztan-Bidasoa Turismo elkartea indartu du».

Konfinamenduak eta Covid-19ak eraginda 2020ko bi proiektu garrantzitsu bertan behera utzi behar izan dituzte elkarteko kideek: bisita gidatuen egitasmoa eta Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak. Lehendabizikoa prest zegoen San Joseko zubian abiatzeko, baina astebete lehenago konfinamendua agindu zuten. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak urriaren 16an abiatu ziren eta, astebete geroago, ostalaritzaren itxiera agindu zuen Nafarroako Gobernuak.

Zailtasun guztien gainetik Baztan-Bidasoa Turismo elkarteak 2020ko kontuak «defizitik gabe itxi ditu eta 2021. urteari aurrekontu eta proiektu berriekin ekinen dio». 

2021erako proiektuak 

2021ean Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak garatuko duen egitasmo nagusiaren izena Basoa sentitu da. Proiektu honen helburua bertako basoa sentitzea eta ezagutzea da. Arduradunek oharrean aditzera eman dutenez «Japoniako Shinryn Yoku (baso bainuak) praktika oinarri hartuta, Baztan-Bidasoa Turismoak basoan murgiltzeko hainbat puntu proposatuko dizkio bisitariari, bakarrik, familiarekin, zein lagunekin basora joateko». Izan ere, «basoan murgiltzearekin batera zentzumenak piztea da helburua, basoa sentitzea, erlaxatzea, deskonektatzea».

Eta horretaz aparte, toki bakoitzean, basoan murgiltzeko esperientzia ipuin mitologiko batekin osatzeko proposatuko zaio bisitariari. Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, «proiektu berriaz gain, 2021ean ez dute hutsik eginen dagoeneko errotuta dauden bertze hainbat egitasmok: bisita gidatuak, Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak, edo Zer egin Baztan-Bidasoan».

2021eko egitasmo guztiak aitzinera eraman ahal izateko, Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak 50.870 euroko aurrekontua onartu du.

Kideen lanari aitortza

Patxiku Irisarrik «garai zailetan elkartuta lan egiteagatik kide guztien lana aitortu eta eskertu» du. Lehendakariaren hitzetan «horixe da gakoa eta bide horretan segitzera animatu» ditu.

Zentzu horretan, «elkartearen ateak zabalik» daudela eta une honetan «kideak bereganatzeko kanpaina abian» dagoela gogorarazi du. Hartara, turismoarekin loturiko establezimendu guztiei kide egiteko gonbidapena luzatu die. Interesa izanez gero, 948 59 23 23 telefonora  deitu edo mezua info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali daiteke.

Bilera akitu aitzinetik, Belen Urrutia Elkarteko Idazkariak kalitatearen gaia «lantzen segitzeko» eta teknologia berrietan «gibelatuak ez gelditzeko» beharra azpimarratu ditu. Horrela, «Baztan-Bidasoko eskualdera datozen bisitarien arretaren kalitatea hobetzeko eraldaketa digitalerantz urratsak ematera» animatu ditu elkarteko kideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun