CHANTAL MAIA

«Lanera joan ahal izateko Lizuniagatik pasatzeko baimen edo agiri bat izatea egingarria da»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 10a, 14:00

Chantal Maiak denbora bikoitza behar du egunera Lesaka eta Sara arteko joan-etorria egiteko.

Chantal Maia, Larresoron (Lapurdi) sortua da, bederatzi urte daramatza Lesakan bizitzen eta bertze horrenbertze Sarako Olhain ikastolan irakasle lanetan. Egunero joaten da Lesakatik Sararat (asteazkenetan izan ezik, ez baitute klaserik, nahiz eta batzuetan egun horretan bilerak edo formakuntza-ikastaroak izaten dituzten). «Lizuniagatik 25 bat minutuko ibilaldia egin behar da, eta, orain, itxita dago. Hori dela eta, Ibardin gainetik pasatzen den errepidea hartu eta Urruñatik, Azkaindik edo Senperetik inguratu behar da, helmuga berera joateko 50 minutu inguru behar ditut, bikoitza, ia ordubete gehiago errepidean, joan-etorriko bidaian», aipatu digu.

Chantal Maiak dioenez, «Urruñara doan pertsona batentzat ez da aunitz aldatzen Ibardinetik edo Behobiatik joanik, baina Sara edo Senperera goazenentzat, alde handia dago Lizuniagatik edo Ibardinetik joan. Edo Dantxarinean lan egiten duten Bortzirietako pertsona aunitzek, Lizuniagatik joan beharrean, laburragoa baita, Baztandik joan behar izaten dute, horieri ere pila bat luzatzen zaie».

«Ministerioko bulegoetan kontuan hartzen ez diren albo-kalteak»

Denboraz edo aparteko gasolinaz gain, itzuli honek «ministerioko bulegoetan kontuan hartzen ez diren albo-kalteak» sortzen dizkio Chantal Maiari, bere bi alaba ttikien agenda antolatu behar baitu. Lesakako Tantirumairu ikastolan ikasten ari da zaharrena, «08:00etan ikastolan utzi beharko nukeena, ezin dut lehenago utzi eta ordu horretan utzita ez dut Sararat 08:35erako ailegatzerik Ibardinen barna, beraz, nire bikotekideak lan ordutegia aldatu behar izan du zaharrena ikastolara eramateko eta nik, batzuetan, ttikiena nerekin eramaten dut Sararat, haurtzain baten etxerat. Batzuetan aprobetxatu eta aitatxi-amatxirenean lo egiten dugu, bertzela ezin baitute biloba ikusi eta biharamunean itzultzen gara».

Izan ere, duela aste batzuetatik honat, Nafarroaren inguruko itxiera perimetrala dela eta, Lapurdiko muga lan kontuengatik baino ezin du pasatu, «ezin ditut gurasoak Larresorora bisitatu, eta haiek ezin dute etorri ni ikustera edo Lesakara beren bilobak ikustera».

 

«Nafarroa osoan bentetara daramaten errepideak baino ez daude irekita, bakoitzak bere ondorioak atera ditzake»

Maiak ez dio logikarik aurkitzen Lizuniagako errepidea hesteari, «Ibardingoa baino askoz egoera hobean dago, eta, noski, ez da azaltzen ahal alegatzen dituzten arrazoi terroristengatik. Kasualitatez, Nafarroa osoan, merkataritza-guneetara (Ibardin, Dantxarinea edo Luzaide…) daramaten errepideak baino ez daude irekita. Beraz, bakoitzak bere ondorioak atera ditzake, baina argi dago».

Frantziako gobernuak adierazi du erabaki hori Nafarroako Gobernuarekin negoziatua eta adostua dela. Duela bi aste kontzentrazioa egin zen Lizuniagan, mugak irekitzeko eskatuz, eta otsailaren 14an, igande eguerdian, Lizarietan errepikatuko da. Chantal Maiaren ustez, «epe motzean ez dut uste poliziak eta militarrak erretiratuko direnik, baina espero dut ondoko asteetan dokumentu bat izatea, Lizuniagatik pasatuta gure lanpostuetara joateko aukera emanen digun lan-baimena edo agiria, hori epe laburrean oso egingarria dela uste dut».

«Lizuniagatik lanera joan ahal izateko agiri bat izatea oso egingarria da»

Pandemia iritsi zenetik, duela ia urtebete, era aunitzetakoak dira mugaren bi aldeetan bete behar izan diren murriztapenak, debekuak, itxiera perimetralak eta gainerako aginduak, «konplikatua da eta aunitzetan ez dago argi, oso nahasia da, ez dakigu zer egin edo erakutsi behar dugun une bakoitzean, ez dago erantzun argirik. Nik hainbat baimen eskatu behar izan dut lanera joateko, edozein gauzatarako paperak eskatu dizkidate, 18:00etatik aitzinera mugitu ahal izateko, nominak, errolda-ziurtagiria, Olhain ikastolako zuzendaritzak sinatutako paperak, Seaskako presidenteak (Iparraldeko Ikastolen Elkarteak) sinatutakoak... Orain autoan dokumentu guztiak dituen karpeta bat daukat, eta kontrolean gelditzen nautenean, ireki eta erraten diet bilatzeko mementu horretan behar dutena. Baina egia da Ibardindik behin bakarrik kontrolatu nautela, eta gainerakoak gelditu ere egin gabe pasatu naiz. Lizuniagan kontrolak jartzen badituzte, behar den dokumentazioa eraman eta erakutsiko dut, maletategia irekiko dut… handik lanera joateko aukera emanen balute, horretarako prest nago», bukatu du Chantal Maiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun