Jubenil mailako kirol taldeek ez dute asteburu honetan jokatzerik izanen oraindik

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 10a, 08:06
Asteburu honetan hastekoak ziren jubenil mailako taldean lehian Nafarroan, baina guttienez otsail hondarrera arte esperatu beharko dute.

Larunbatean Giltxaurdin jokatzekoa zen Baztan eta Donezteberen arteko derbia bertan behera gelditu da Nafarroako Kirolaren Institutuaren erabaki berriaren ondotik

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin ados jarrita, eta pandemiaren bilakaeraren datuak ikusita, erabaki du harreman- edo aurkaritza-kirolen kategoria autonomiko batzuen hasiera-data aldatzea. Hain zuzen ere, larunbat honetan kategoria absolutu edo seniorren hasierari eutsiko zaio, eta futbolean guttienez hamabortz egunez gibelatuko dituzte Erregionaleko lehen maila (senior kategoria batekoa da) eta gazteen eta behekoen kategoriak, otsail hondarrera arte.

Erabaki honek eskualdeko hainbat kirol talderi eragiten die. Erraterako, futbolean, Nafarroako jubenilen lehen mailan Baztan eta Doneztebek larunbatean Giltxaurdin jokatzekoa zuten derbia denboraldiko lehen partidan, baina bertan behera gelditu da. Nafarroako jubenilen bigarren mailako Baztan futbol taldeak igandean Giltxaurdin Kirol Sport B taldearen kontra jokatu beharreko partida ere bertan behera gelditu da. Eskubaloian, Baztango BKTko jubenilek igandean jokatu behar zuten lehen partida Lagunak taldearen kontra, baina hau ere ezin izanen dute jokatu.

Gipuzkoako ligetan ari diren eskualdeko kirol taldeei dagokienez, oraindik orain, ez senior mailakoek ezta kategoria ttikiagoetakoek ere, ezin dute jokatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun