Igantzin eta Donezteben Bertso Eskolak eskainiko ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 5a, 18:00
Estitxu Arozena izanen da eskualdeko Bertso Eskoletako arduraduna.

Ikasturte hasieran egindako Bertso Eskolen eskaintzari, talde gehiago gehitu dizkio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Otsailaren hondarrean hasi eta maiatza bukaera bitarte, astean behineko maiztasunaz elkartuko dira. Hain zuzen ere, Arrotxapean eta Txantrean, Etxarri Aranatzen, Lekunberrin, Sarrigurenen, Igantzin eta Donezteben eskainiko dituzte Bertso Eskola berri horiek, 40 euroko prezioan.

Bigarren lauhilekorako taldeak

  • Arrotxapea (LH 5-6). Astearteak, 16:00-17:00, NBEren egoitzan. Irakaslea: Josu Sanjurjo
  • Txantrea (LH5-6). Astearteak, 15:40-16:30, Bernat Etxepare Ikastetxean. Irakaslea: Xabier Terreros
  • Etxarri Aranatz (LH6). Astearteak,17:00-18:00, maisu-maistren etxean. Irakaslea: Joseba Beltza
  • Lekunberri (LH5-DBH2). Asteazkenak, 16:00-16:50, Mitxausenean. Irakaslea: Aitor Irastortza.
  • Sarriguren (LH6). Asteazkenak, 15:10-16:00, tokia zehazteke. Irakaslea: Iker Gorosterrazu
  • Igantzi (LH3-6). Astelehenak, 18:40-19:30*, Eskola beheitiko gelanIrakaslea: Estitxu Arozena
  • Doneztebe (LH5). Ortzegunak, 15:00-15:50*, Herrigunean. Irakaslea: Estitxu Arozena.

*Azken bi hauen ordutegia behin-behinekoa da; izena ematen dutenekin adostuko da.

Izen-ematea eta ordainketa

Izen-ematea telematikoki egin beharko da, ondorengo loturan dagoen formularioa betez, otsailaren 3tik 17ra. Eskolak otsailaren 22ko astean abiatuko dira. Gutxienez, 4 lagunek eman beharko dute izena talde bat osatzeko.

40 euroko prezioa izanen dute bigarren lauhilekoko ikastaroek, helbideraketa bidez kuota bakarrean kobratuko dena.

Modu berean, talde berriez gain, urrian martxan paratu zirenetan ere izena emateko aukera dago. Hemen kontsulta daiteke orduko eskaintza. Talde hauen kasuan, telefonoz eginen da izen ematea, 948 14 37 47 telefonora deituta.

Osasun egoerarekin arduratsu

Denoi dagokigu gure aletxoa paratzea, Covid-19aren pandemia kontrolatuta mantendu eta iraganeko egoeretara ez itzultzeko. Gauzak horrela, Nafarroako Bertsozale Elkarteak protokolo propioa landu du, osasun egoerak eskatzen duen errealitatera egokitzeko. Zehazki, ondorengo neurriak hartuko dituzte gure irakasleek, ardura eta erantzukizun osoz:

  • Eskuen garbiketa, maiztasun handiz, gel hidroalkoholikoa erabilita.
  • 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzea ikasleekin.
  • Maskara higienikoaren erabilera.
  • Ikasgelan erabiliko dituen materialen desinfekzioa, erabili aitzinetik zein ondotik.
  • Material digitalaren erabilera, orrien banaketa eta bertzelakoak alboratuz.

Ikasleek ere maskara erabili beharko dute Bertso Eskolan, eta denei eskatuko zaie eskuak gelarekin garbitzeko, eskola hasi aitzinetik. Gainera, aire librean egiteko moduko saioak diseinatuko dira, ahal den neurrian karrikan emateko Bertso Eskolak, birusa kutsatzeko aukerak murriztuz.

Denoi dagokigu gure ekarpena egitea; Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere bere konpromisoa eta ardura hartuko du, neurri guztiak mantenduta ere, bertsolaritzaren eta euskal kulturaren transmisioan urratsak ematen segitu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun