Eskualdeko 16 herritan biztanleriak beheiti egin du azken hamar urteotan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 4a, 15:00

Ikusi hemen udalerriz udalerri biztanleriak azken urteotan izan duen bilakaera

TTIPI-TTAPAren eremuan dauden 27 udalerrietatik bederatzitan igo da biztanleria. Senpere eta Sara dira igoera handiena izan dutenak. Hamar urtez %30eko igoera izan dute Senperen eta ia %16koa Saran. Beherakada nabarmenena izan duten udalerriak, berriz, Ezkurra (%15,34), Oiz (%15,23), Beintza-Labaien (%12,85) eta Goizueta (%11,44) dira. 

Batzuk goiti

Azken urteotan eskualdeko 27 udalerrietan biztanleriak izan duen bilakaerari begira jarri da TTIPI-TTAPA, eta hamar urtez %4,37 puntu igo da biztanleria, 1.505 lagun gehiago izatera pasatu gara. Igoera hori bereziki Sarak eta Senperek izan duten gorakadaren ondorio da. Duela hamar urteko datuak eta oraingoak kontuan hartuta, Saran 365 biztanle gehiago dira (%15,97 gehiago) eta Senperen 1.598 gehiago (%30 gehiago).

Ez dira eskualdean gorakada izan duten herri bakarrak. Donezteben (%4,44), Zugarramurdin (%2,36), Areson (%2,17), Leitzan (%1,06), Iturenen (%1), Donamarian (%0,91) eta Beran (%0,62) ere duela hamar urte baino herritar gehiago dira erroldatutakoak.

Bertzeak beheiti

Gehiago dira, ordea, beheraka doazenak. Eskualdean zehazki hamasei udalerrik galdu dute biztanleria. Horien artean, bereziki beheiti egin dutenak Ezkurra (%15,34), Oiz (%15,23), Beintza-Labaien (%12,85) eta Goizueta (%11,44) dira. 

Maila apalagoan egin dute beheiti Bertizaranak (%6,8), Arantzak (%6,03), Eratsunek (%5,66), Aranok (%4,92), Zubietak (%4,13), Urrozek (%3,16), Baztanek (%2,86), Lesakak (%2,76), Urdazubik (%1,39), Sunbillak (%0,75), Elgorriagak (%0,45) eta Igantzik (%0,16).

Eta bi berdin

Bi herri dira duela hamar urteko biztanleria kopuruari eutsi diotenak: Etxalar eta Saldias.

*Iturria: Nafarroako Estatistika Institutua eta Gaindegia.
*Datuak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hartutakoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun