Bertso Eguna, Iruñean eta Internetez larunbat arratsaldean

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 8a, 10:00
Xabier Silveira Iruñeko Bertso Egunean kantuan ariko da.

Xabier Silveira, Julio Soto, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira 2021eko lehen Bertso Egunean.

Iruñeko Gayarre antzokian izanen da bertso saioa, 18:00etan hasita. Lau bertsolariak ez dira protagonista bakarrak izanen, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.

Eta horrek guztiak, protagonistek, lekuak, testuinguruak eta bertzek, izanen du zeresanik Bertso Egunean. Antolatzaile lanetan aritu den Saioa Alkaizak honakoa aitzindu du «errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea».

Antzokirako sarrerak www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragai, 12 euroren truke; bederatzi eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideentzat. Aretora joan gabe, Internetez zuzenean ikusi nahi dutenek ere izanen dute aukera. Horretarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian har daitezke: bortz eurotan eskuratu ahal izanen dira sarrerok, eta hiru eurotan izanen dituzte bazkideek. Behin sarrera erosita, Internetez bertso saioa nola segitu jakiteko argibideak bidaliko zaizkie zaleei.

Ohi baino aste batzuk beranduago izanen da, beraz, aurten Bertso Eguna. Antolatzaileek jakitera eman dutenez «ez da, ordea, 2021eko berezitasun bakarra izango, bat bakarrik ez eta hiru hitzordu izango baititugu». Izan ere, martxoan eta maiatzean izanen diren Getariako eta Hazparneko Bertso Egunetarako sarrerak ere dagoeneko eskura daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Saio hauek bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira. Bertsozale Elkartekoek aditzera eman dutenez «plaza biziberritzeko ekimen hau babesten eta laguntzen dute Laboral Kutxak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Gainera, Iruñeko Udalak laguntzen du datorren asteko Bertso Eguna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun