30 langabetu gehiagok eman dute izena ilbeltzean Doneztebeko Enplegu Bulegoan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 3a, 18:00

Denera 942 dira, 2020ko urtarrilean baino 182 gehiago

2020. urteko langabetu kopururik handienak eman zuen izena abenduan Doneztebeko Enplegu Bulegoan, 912k. Aurtengo urte hasieran datu hori makurragoa da eta bertze 30 batu dira zerrendara, 942 denera. Joan den urteko ilbeltzean baino 182 gehiago dira.

Adinari dagokionez, 55 urtetik goitiko 229 langabetu daude, abenduan baino 8 gehiago. 35 eta 44 urte arteko 228 lagun daude langabezian, abenduan baino 4 gehiago. 45 eta 54 urte arteko 210 langabetu daude, abenduan baino 12 gehiago. Gazteenen artean egoera ez da hobea. 30 eta 34 urte arteko 95 langabetu daude (2 gehiago), 20 eta 24 urte arteko 83 (5 guttiago), 25 eta 29 urte arteko 81 (11 gehiago) eta 16 eta 19 urte arteko 16 (2 guttiago).

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta abenduan baino hamar langabe gehiago zeuden urtarril hondarrean 695etik 705era pasatuz. Industria arloan ere nabarmen goiti egin du langabetu kopuruak 129tik 152ra (23 gehiago). Eraikuntzan berdin mantendu da (39), nekazaritzan abenduan baino bi guttiago (27). Aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 19 lagun daude langabezian, abenduan baino bat guttiago.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun