Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen baten aldeko kanpaina hasi du LAB sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 2a, 20:00

Zaharren egoitzetarako hitzarmen baten alde eginen duen kanpainaren berri eman du LAB sindikatuak Iruñean.

Otsailaren 27an mobilizazio bat eginen du Iruñean

Orain arte Estatuko hitzarmen batek araututako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena lortu ondoren, LAB sindikatuak helburutzat jarri du adinekoen egoitzen Nafarroako lehen hitzarmena sortzea. Sektore hori erabat feminizaturik dago, eta egoera larria du pribatizazioaren, prekarizazioaren eta bitartekoen faltaren ondorioz. Beraz, aipaturiko helburu hori lortzeko, LAB sindikatuekin, egoitzetako erabiltzaileekin eta familiakoekin jarriko da harremanetan, baita Nafarroako Gobernuarekin ere; eta mobilizazio bat eginen du Iruñean otsailaren 27an.

Nahiz eta hitzarmen berriak sortzea ez den batere ohikoa (Nafarroan hiru sortu dira azken hogei urteotan), LAB sindikatuak uste du «zaharren egoitzetan duten egoera larriak eta Esku-hartze Sozialeko hitzarmen sortu berriaren bultzadak beharrezko eta posible egiten dutela erronka honi heltzea».

Nafarroako zaharren egoitzetako langile gehienak emakumeak dira eta egoitzen egoera larria da pribatizazioaren, prekarizazioaren eta baliabide faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du «erakundeek zenbateko utzikeria daukaten zaintzen esparruan; funtsezko esparrua izaki, berrantolatu eta lehentasuna eman behar zaio. Nafarroako gizartearentzat erronka estrategikoa da zaintza-sistema publiko komunitario bat sortzea, esparru sindikalak, mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak sarritan eskatu dutena», LABen iritziz.

Hitzarmen berriak bi urrats garrantzitsu ekarriko lituzke

Hitzarmenak bi urrats garrantzitsu ekarriko lituzke. Alde batetik, «negoziazio-eremu hori Nafarroara ekarriko litzateke, eta, beraz, egoitzetako langileek eta haien ordezkariek lan-baldintzen erregulazioan zuzenean parte hartzeko eskubidea irabaziko lukete». Bertze aldetik, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetuko lirateke, Esku-hartze Sozialean gertatu den bezala. Bi urrats horiek eskutik doazela frogatu da: lan-baldintzen estatalizazioa prekarizatzeko bide bat da, eta, aldiz, negoziazio kolektiboko esparru propio batean aurrera egitea lanbidea duintzeko aukera paregabea da.

Adierazgarria da alderatzea, batetik, hirugarren adinekoen egoitzetan estatuko hitzarmenarekin lan egiten duten langileen lan-baldintzak, eta bertzetik, desgaitasuna duten pertsonak artatzeko zentroetan Nafarroako hitzarmen berrituarekin lanean ari direnenak. Bi eremu horietan ezaugarri bertsuko lana egiten da, baina aldeak nabarmenak dira: erraterako, 11 urteko antzinatasuna duen adinekoen egoitzetako zaintzaile batek 653,13 euro gutiago kobratuko lituzke eta 32 egun gehiago eginen lituzke desgaitasuna duten pertsonentzako zentro bateko zaintzaile batek baino.

LABek informazio-kanpaina bat eginen du Nafarroako egoitzetan, eta, horren ondotik, mobilizazio bat Iruñean, otsailaren 27an. Era berean, LABeko kideak harremanetan jarriko dira sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiekin, erabiltzaile eta senideekin eta Nafarroako Gobernuarekin, legegintzaldi honetan Nafarroako zaharren egoitzen hitzarmena sortzea ahalbidetuko duten akordioak bilatzeko.

LABen iritziz, funtsezko zerbitzu publikoa denez eta zati batean Nafarroako Gobernuak hitzartua denez, Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenean inplikatu behar dute egoitzen hitzarmena lortzeko; horrela jokatu zuten Esku-hartze Sozialeko hitzarmena sortzeko prozesuan eta desgaitasuna artatzeko zentroen hitzarmena berritzeko prozesuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun