Kontaktua duten kirol lehiaketak modu mailakatuan hasiko dira Nafarroan otsailaren 12tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 27a, 19:00
Kontaktu-kirolean ari diren taldeek pixkanaka lehian hasteko aukera izanen dute, kategorien arabera.

Federazioek segurtasun neurri guztiak biltzen dituen protokolo bat igorri beharko dute, Nafarroako Kirolaren Institutuak argitaratutako ebazpenak ezartzen duen bezala

Otsailaren 12tik aitzinera hasiko dira, modu mailakatuan, kontaktu- edo aurkaritza-kiroletako Nafarroako lehiaketa ofizialak. Nafarroako Kirolaren Institutuak baimendu du lehiaketa horiek hastea, eta COVID-19 pandemiaren bilakaeraren menpe egonen dira. Horiek antolatzen dituzten Nafarroako federazioek, aitzinetik eta nahitaez, osasuna babesteko neurri guztiak biltzen dituen protokoloa aurkeztu beharko dute. 

NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotzen dira kontaktu- edo aurkaritza-kiroletako modalitateen lehiaketak abian jartzeko bete beharreko baldintzak. Taldekakoen artean, futbola, areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, hockeya, patinetako hockeya eta waterpolo sartzen dira; banakoetan, berriz, borrokakoak eta arte martzialak.

Hasteko egunak aldatu edo bertan behera utzi ahal izanen dira, egoera epidemiologikoaren eta Nafarroako Gobernuko osasun-agintariek har ditzaketen neurrien arabera. Hori dela-eta, lehiaketak hasi ondotik, aldi baterako edo behin betiko eten ahal izanen dira.

Kategorien arabera, taldeko modalitateetarako baimendutako egunak hauek dira: senior, junior edo baliokideak otsailaren 12tik aitzinera; kadeteak otsailaren 19tik aitzinera; haurren kategoria otsailaren 26tik aitzinera; eta gainerako kategoriak martxoaren 5etik aitzinera.

Banako kirolei dagokienean, kategoria absolutuak otsailaren 12an hasi ahal izanen du; juniorrak 19tik aitzinera; kadeteak otsailaren 26tik aitzinera; haurren kategoriak martxoaren 5etik aitzinera; eta gainerakoak martxoaren 12tik aitzinera.

Ebazpenaren arabera, federazio bakoitzak goragoko kategoriarako hautatutako hasiera-data edozein izanda ere, gainerako kategorien hasiera mailakatua izanen da beti, adierazitako denbora-diferentziekin.

Horrez gain, NKIren ebazpenean erraten da entrenamendu osoak egin ahal izanen direla bi talde ezberdinen artean –lagunarteko partiden kasua– , kirol-maila edo dibisio berean parte hartzen badute, eta behin lehiaketa hasita.

Kontaktu edo aurkaritzako kirolak ez diren gainerako modalitateek badute jada baimena izaera autonomikoko lehiaketa ofizialak egiteko. Era berean, nazio-mailako edo autonomia-erkidegoen arteko kontaktu-kiroletako lehiaketak egiten ari dira, federazio nazionalek edo Kirol Kontseilu Gorenak arautzen dituztenak.

Jarduteko derrigorrezko protokoloa

NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenean ezartzen den moduan, lehiaketa bakoitza hasi aitzinetik —kontaktu edo aurkaritzako kirolak nahiz gainerako modalitateak—, federazioek jarduera-protokolo loteslea aurkeztu beharko dute derrigorrez, parte hartuko duten erakunde guztientzat; bertan, inplikaturiko pertsona guztien osasun babesteko neurri espezifikoak ezarriko dira, osasun-agintariek emandako irizpideen arabera.

Kirol-federazioek COVID-19aren arduraduna izendatu eta horrek garatu beharreko funtzioak ere ezarri beharko dituzte; era berean, parte hartzen duen klub bakoitzak arlo horren arduraduna izendatu beharko du, eta pertsona hori arduratuko da parte hartzen duten pertsonei eta publikoari segurtasun- eta osasun-neurriak betearazteaz. Arduradun hori federazioko arduradunarekin koordinatuta egonen da. Kirol-proba bakoitzaren ondotik, berriz, klub bakoitzeko COVID-19 arduradunak gorabeheren gaineko txostena bidaliko dio federazioak izendatutako COVID-19 arduradunari.

Bertzalde, kirol-egutegiak baldintza malguak izanen ditu, kirol-partiden edo -proben egunak aldatzeko aukera eta guzti. Aurreikusitako egutegiaren arabera lehiaketa osorik garatzen ez bada, hori bukatzeko araudia ezarriko da.

Salbuespen gisa, lehiaketa antolatzen duten erakundeek egutegian aurreikusi gabeko kirol-lehiaketa edo kirol-topaketa bat egiteko baimena eskatu ahal izanen diote NKIri, arrazoituta eta betiere baldintzek uzten badute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun