Erremonteko Oriamendi txapelketa ilbeltzaren 28an abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 27a, 18:00

Urrizak eta Barrenetxea IV.ak master txapelketako finalerako pilotak aukeratu zituzten. Aritz Zubiri goizuetarrak lagundu zion hernaniarrari. Aurretik, Oriamendi txapelketaren berri eman zuten Galarretan.

Oscar Urrutia II.a saldiastarra eta Aritz Zubiri goizuetarra izanen dira eskualdeko erremontistak

Master txapelketako finalaren pilota aukeraketaren atarian Oriamendi txapelketaren berri eman zuten ilbeltzaren 26an Hernaniko Galarretan. Hain zuzen, master txapelketa jokatu ez duten enpresako erremontista guztiek izanen dute binakako txapelketa hau jokatzeko aukera, tartean Oscar Urrutia II.a saldiastarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak. Denera sei bikote izanen dira, bi taldetan banatuak. Txapelketa ortzegun honetan, ilbeltzaren 28an abiatuko da Galarretan.

Ortzegunean jokatuko dituzte, beraz, Oriamendi txapelketako lehen bi partidak. Lehenbizikoan, A taldeko Segurola eta Zaldua I.a, Zaldua II.a eta Larrañagaren kontra ariko dira. Bigarrenean, B taldeko Mirubiak eta Martirenak, Etxarri eta Aritz Zubiri goizuetarra izanen dute arerio. Lau bikote hauetaz gain, Goikoetxea V.a eta Labaka A taldean eta Oscar Urrutia II.a saldiastarra eta Aizpuru III.a B taldean ariko dira.

Finalaurrekoak otsailaren 18an eta finala otsailaren 25ean

Lehen fasea urtarrilaren 4an eta otsailaren 4an eta 11n jokatuko dute. Talde bakoitzeko lehen bi bikoteek lortuko dute otsailaren 18an jokatuko diren finalaurrekoetarako sailkatzea. A taldeko lehena B taldeko bigarrenaren kontra ariko da eta B taldeko lehena A taldeko bigarrenaren kontra. Irabazleek finala jokatuko dute otsailaren 25ean.

Master txapelketako finalerako pilotak aukeratuak

Arestian aipatu bezala, ilbeltzaren 30ean jokatuko den Master txapelketako finalerako pilotak aukeratu zituzten asteartean Galarretan Urrizak eta Barrenetxea IV.ak. Joan den urtean hernaniarra izan zen txapeldun. Aritz Zubiri goizuetarra izan zuen lagun pilota aukeraketan. Larunbateko finalak ez ohiko ordutegia izanen du, 23:00etan jokatuko baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun