Gutuna: milaka urratsez, oso aurrera egin dugu

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 31a, 08:00

Sare irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta bere jarduera nagusia pertsona ororen giza eskubideen defentsa egitea da. Elkartea duela urtebete martxan jarri zen eta, batez ere, euskal preso eta erbesteratuen, nahiz hauen ingurukoen eskubideak bermatu nahi dituzte.

Aurtengo urtarrileko erronka ez zen makala. Helburua, argia, handia: euskal presoen etxeratze prozesuaren baitan, jendarte-bulkadari bidea ematea. Zailtasunak, agerikoak. Gaitzaldiari elurtea gehitu zitzaion. Jendea atera, mugitu eta biltzeko oztopo asko. Posible ote jendarte honen gehiengo zabal baten gogoa ikusgarri egitea? Eskura genituen lanabes guztiak martxan jartzeko unea zen: sormena, antolaketa gaitasuna, auzolana... Eta bai, emaitza ikusgarria izan da oso. Zuri esker.

 Nafarroan 80 herri eta auzotan egin ziren mobilizazioak. 330 boluntariok parte hartu zuten antolaketa lanetan... Milaka eta milaka herritar elkartu ginen. Ehunka argazki eta bideotan betiko jaso eta zabaldu  da balentria. Ikusi nahi duenarentzat ikusgarri; ez ikusiarena egitea nahiago luketenentzat, saihetsezin.

Iruditzen zaigu gu geu garela lortutakoaren garrantziaz jabetu behar dugun lehenengoak. Hainbeste maite dugun mendizaletasunetik hartutako metafora erabiliz, amesten dugun gailurra zapaltzeko gainditu beharko ditugun zailtasunak begi-bistan ditugunean, onuragarria da bidean gelditu, burua altxa, atzera begiratu eta dagoeneko egin dugun bide zatiaren tamainaz jabetzea, gehiago delako ibili duguna gailurrera iristeko geratzen zaiguna baino.

Gaur, presoen korapiloa askatzeko erronka da herri honetan aniztasun gehien, indar gehien eta kontsentsu gehien biltzen dituen jendarte-erronka. Ukaezina den errealitate honek erakusten du jendartearen gehiengo zabalarentzat, eragile sozial, politiko eta sindikal nagusi nagusientzat, presoen korapiloa askatzea dela elkarbizitza eta konponbideari lotzen zaion aldagaia; jendarte honek etorkizun berri bati begietara begiratzeko duen urgentziari,  politika alderdikoien lehiatik atera eta herri gisa hartu behar den erronka dela. Oso esanguratsua da ETAren biktima izandakoak ere gero eta modu agerikoagoan ari direla salbuespenezko espetxe politika amaitzearen alde bat egiten.

Hauxe baita gailurrera iristeko egiteko dugun bidea irekitzeko gakoa. Denok konfiantza izatea gailurrera iritsitakoan denok izango garela garaile, denon ikurrak jartzeko tokia egonen dela, inork ez duela gailurra berarentzat eta bere ikurrentzat bakarrik hartu nahi izango. “¡Piececitos heridos / por los guijarros todos / ultrajados de nieves / y lodos!”. Gabriela Mistralen hitz hauek balio dezakete bidearen gogortasuna irudikatzeko: denok ditugu oinak zaurituak, minduak; denok behar dugu ahalik eta azkarren iritsi gailurrean soilik aurkituko dugun atseden eta zaintza gunera. Bidea ere gero eta garbiago ageri zaigu aurrean: salbuespeneko espetxe politikaren aroa atzean utzi behar da; urrunketa amaitu, gaixoak eta adinduak kaleratu. Gailurrera eramanen gaituen bidea egiteko heldulekuak ere finkaturik daude: presoak elkarbizitzan txertatzeko akordio zabala edo eta 7/2003 legearen aplikazio malgurako tresnak adostea.

Tira, amaitu da ibilitakoaz jabetzeko egindako etenalditxoa. Ekin diezaiogun berriz ibiltzeari. Oraindik bidera gehitu ez direnei egin diezaiegun tokia; ez da inorentzako gailurrik egongo, baldin eta denok eroso egoterik ez badugu. Ez du zentzurik orain egin daitezkeen urratsak gerorako uzteak, denbora alferrik galtzeak hodei beltzen eta ekaitzen etorrera besterik ez du ahalbidetuko.

Zatoz gurekin! Izan Bidea!

Izenpetua: 

Mikel Mundiñano eta Fran Balda (Nafarroako Sareren arduradunak)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun