Gutuna: Preso nafarrak Iruñera!

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 24a, 12:00

«Iruindarra Iruñean», halaxe definitzen du Asier Azpilkuetak bere burua. LAB sindikatuan kazetari, irakasle eta Euskalerria Irratian kolaboratzaile da egun, baita Ekologistak Martxan elkartean ekintzaile ere.

LABek begi onez ikusten du eta bat egiten du Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioarekin, dei egiten duena horrela nahi dute nafar presoak euren zigorra Iruñeko kartzelan bete ahal izatera. Presoak bergizarteratzeko helburuak horrela exijitzen du, legeak horrela zehaztu du eta baldintza teknikoak erabat egingarri egiten dute. Ez dago inolako arrazoirik berehala nafar presoak Iruñeko kartzelara ez eramateko. Lekualdatze hau ezarritako zigorra edozein izanda ere egin beharko litzateke, sakabanaketa modu bidegabe eta arbitrarioan ezarritako zigor gehigarria delako. Arrazoi politikoengatik zigortutako presoen kasuan, sakabanaketa salbuespeneko kartzela politikaren parte da, helburu politiko zehatzak dituena, hala nola preso politikoen kolektiboa apurtu eta hauetako bakoitzaren borondatea suntsitzea. Politika honek sufrimendua sortu izan du eta oraindik jarraitzen du sortzen, bai presoentzat (duela hiru urte Xabier Reyren heriotzak gordinki erakutsi zuen moduan) bai euren gertukoentzat, astero bidaia luzeak egitearen arriskupean daudenak (Sara Fernandez eta Karmele Solaguren bi istriputan hil ziren). Sakabanaketa-politika, 30 urte luzez indarrean dagoena, beti izan da bidegabea; orain gainera, anakronikoa da: ia 10 urte pasatu dira ETAk bere jarduera armatua amaitu zuenetik. Zorionez, euren jatorrizko lekuetatik gertuago dauden kartzeletara gerturatzen ari dira euskal preso politikoak modu mailakatuan. Alde batetik, gerturatze hauen erritmoa bizkortu behar dela uste dugu; eta bestetik, gerturatze hauek Iruñeko kartzelara egin behar direla, aipatu dugun moduan, nafar preso guztiak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun