Martxan da Euskararen Ginkanaren 7. edizioa

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 23a, 10:30

Irabazleek 3000 euroko saria jasoko dute euskararen aldeko egitasmo bat aitzinera eramateko.

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen taldekako lehiaketa da Euskararen Ginkana. 7. edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topaguneak eginen ditu koordinazio lanak.

Ginkanaren helburua herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna, aktibismoa eta euskararen erabilpena sustatzea da. Horretarako, hizkuntza-ekologia eta hizkuntzen jasangarritasuna hartzen dira ardatz gisa eta lehiaketako edizio bakoitzean gai zehatz bat aukeratzen da. 7. edizio honetako gaia euskararen ekosistemak izanen da eta burutu beharreko probak ere gai honen bueltakoak izanen dira.

Bi fasetan eginen da Euskararen Ginkana. Lehen fasean, Internet bidezko lau proba erantzun behar dituzte taldeek. Horietan puntuaziorik altuena eskuratzen duten lau taldeak pasako dira bigarren fasera, aurrez aurre jokatu beharreko finalera. Finalean egindako probetan puntu gehien biltzen dituen taldea izanen da edizio horretako Euskararen Ginkanaren talde irabazlea. 

Euskararen Ginkana lehiaketaren datak

  • Izen ematea ilbeltzaren 11tik 31ra egin ahal izanen da.
  • Lehen fasea (online probak): otsailaren 3tik martxoaren 3ra izanen dira. Asteazkenero proba bat plazaratuko dute webgunean. guztira lau proba izanen dira.
  • Bigarren fasea (finala): martxoaren 20an, Ekogunean (Donostia). Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten lau talde finalistetako kideak izanen dira lehian.

Izen-emateko, aurkezpen bideo bat bidali beharko da. Bideo honetan, taldearen aurkezpena egiteaz gain, Ginkanako sariarekin finantzatu nahi den euskararen aldeko egitasmoa aurkeztuko da, labur-labur (2 minutu inguruko bideoa). Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aitzinetik martxan daudenak edo egin nahi direnak. Guztiek baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak...

Xehetasun gehiago euskararenginkana.eus atarian eskuragarri dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun