'Komunikazioaren krisia, krisien komunikazioa. Zer iritsi da lehenago?' online bidezko jardunaldia ilbeltzaren 27an eskainiko du TaPuntuk

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 23a, 10:00
Jardunaldiko hizlarietako bat Jon Abril beratarra izanen da.

Komunikazioari buruz aritzeko eta krisi egoerei aitzin egiteko, seigarren urtez Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu du TaPuntuk eta Jon Abril beratarra izanen da hizlarietako bat.

Datorren ilbeltzaren 27an, 18.30ean online bidez eskainiko da jardunaldia. Enpresa edo proiektuek sarean argitaratzea eta bide horretan aholkatzea da jardunaldiaren helburua. Edizio honetan, zehazki, komunikazioaren krisia eta krisien komunikazioa dira hizpide. 

Hizlariak

Hiru zati nagusi izanen ditu jardunaldiak; hizlariak, solasaldia eta eztabaida gunea. Saioaren lehen zatia bi hitzaldik osatuko dute. Hasteko, Lineking Ideas enpresako Pilar Kaltzadak komunikazioaren krisiari buruz hitz eginen du, eta Elhuyarreko zuzendaria den Jon Abrilekin krisi egoeretan aitzinera egiteko gakoak aztertuko dituzte.

Solasaldia

Solasaldiaren zatian bi kasu erreal aztertuko dituzte testigantza bitartez eta modu praktiko batean, euren esperientzia plazaratuko dute. Aitor Uriondo (Axular Lizeoko Zuzendaria) eta Joanmari Larrarte (Elkar taldeko Komunikazioa burua) izanen dira hizlariak. Krisi egoeretan eta komunikazioan izan duten esperientziaz mintzatuko dira. 

Eztabaida gunea

Jardunaldiaren lehen bi zatietan jasotako galdera, iritzi eta zalantzek lekua izanen dute tarte honetan. Zalantza hauek aitzinetik aipaturiko lau protagonistek erantzunen dituzte.

Izen-ematea

Jardunaldian interesa dutenek izen-ematea www.nortasunasarean.eus webgunearen bitartez egin beharko dute. Parte-hartzea doakoa izanen da eta interesa duen orori irekia da. 

TaPuntu Kooperatiba

TaPuntu kooperatiba marketin digitala, formazioa, diseinu grafikoa eta multimedia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gaztea da. Kooperatibaren metodologiak bezeroen online nortasuna modu integralean lantzen du, horretarako beharrezkoak diren ekintzak gauzatuz. Kooperatibari buruzko informazio gehiago, eta orain arteko ibilbidea ezagutzeko: TaPuntu.eus atarian dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun