Hazparneko Bertso Eguna maiatzera gibelatu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 20a, 20:00
Xabier Silveira Iruñeko Bertso Egunean kantuan ariko da.

Ipar Euskal Herrian indarrean dauden neurriekin «ezinezkoa da bertso saiorik egin ahal izatea». Halaxe aditzera eman du Bertsozale Elkarteak, hortaz maiatzaren 22ra gibelatuko du Hazparneko Bertso Eguna. Sarrera erosi dutenei dirua itzuli edo udaberriko saiorako gordeko zaiela jakinarazi dute; baita bertze bi Bertso Egunetako datei eutsiko dietela ere.

Ilbeltzaren 30ean izatekoa zen Hazparnen 2021erako iragarritako lehen Bertso Eguna. Zoritxarrez, Lapurdin egun dauden neurrien arabera, antzokiek itxita egon behar dute eta ez dago kultur ikuskizunik egiteko aukerarik. Hori horrela Bertsozale Elkarteak hilaren bukaeran izatekoa zen Bertso Eguna maiatzaren 22ra gibelatuko du. Elkarteak jakinarazi duenez maiatzeko Bertso Eguna «leku berean izanen da, Mendeala gelan; baina ordubete lehenago, 17:00etan».

Sarrera erosia dutenekin «harremanetan paratuko direla» adierazi dute, eta «dirua itzuli edo maiatzeko saiorako sarrera gordeko zaie». Maiatzeko Bertso Egunerako sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Otsailean Iruñean eta martxoan Getarian

Otsailaren 13an Iruñeko Gayarren izanen da, honenbestez, antolatu duten lehen Bertso Eguna: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan; eta gai jartzaile lanetan berriz, Ainhoa Larretxea. Getariako Balenciaga museoan izanen da martxoaren 27koa bertso saioa; Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela.

Bi emanaldiak Internetez zuzenean zein bertatik ikusi ahal izanen dira: modu baterako zein bertzerako sarrera eskuratu beharko da. Aukeren arabera salneurria ezberdina izanen da, eta bazkideek eta gazteek merkeago eskuratu ahal izanen dituzte.

Emanaldiak Internetetik ikusteko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian izanen dira. Aretoetarako sarrerei dagokienez, Iruñeko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izanen dira urtarrilaren 21era arte, eta, ondoren, www.teatrogayarre.com webgunean. Getariako saiokoak www.bertsosarrerak.eus atarian lortu ahal izanen dira, baina herrian bertan ere jarriko dira: Getariako Turismo Bulegoan, zehazki, otsailaren 1etik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun