50 urtetako ibilbidea biltzen duen disko-liburua argitaratu du Incansables txarangak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 19a, 16:00

Aitzinetik txarangaren diskoetan bildutako zein orain arte plazaratu edota grabatu gabeko bederatzi kantek osatzen dute diskoa.

Incansables txaranga ezagunak 50 urte bete zituen pasa den 2020. urtean. Urteurren borobila aprobetxatuz taldearen ibilbidea jasotzen duen disko-liburua osatu du taldeak. Taldearen orain arteko diskografiako hainbat kantu bildu, eta grabatu zein argitaratu gabeko bertze zenbait kanta berri jaso dira diskoan; liburuan berriz, Incansablesen historia, pasadizo eta anekdotak kontatzen dira, txarangan 50 urte jarraian egin dituen musikari Joaquin Ortega Kanarioren perspektibatik landuta. Liburuaren testuak fintzen Ainara Ortega hernaniarra aritu da. Disko-liburuaren bitartez txarangaren eboluzioa jaso nahi izan da, txarangaren musika lantzeko modua ere bai, eta baita bizitako zenbait gertaera ezagun nahiz eta ezkutuko bertze zenbait ezagutarazi. Txarangako kideek adierazi dutenez, «musika talde batek 50 urtez martxan segitzea ez da batere ohikoa izaten, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun orain artekoa musikaren eta hitzen bitartez jasotzea». Disko-liburuarekin irakurle eta entzuleek historian zehar bidaiatzea nahi izan dute Incansablesekoek. Horretarako, QR kodeen bidez, irakurleei zenbait kantu proposatu eta bertze hainbat bideo historiko ikusteko aukera emanen zaie. «Apustua izan da musika, hitzak eta bideoak biltzea» azaldu dute Incansables taldetik. 

Disko-liburua herrietako ostatu zein dendetan salgai egotearekin batera, txarangaren webguneko on-line dendaren bidez eskuratu ahalko da, 20 euroren truke. Taldetik eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektua babestu duten Hernani, Tolosa, Amasa-Villabona, Bera, Lesaka, Valtierra eta Leitzako Udalei, eta Leitzako Aurrera elkarteari. 

Txaranga 1971. urtean sortu zen
70. hamarkadan ezustean hasi ziren elkarrekin jotzen Hernani, Villabona eta Tolosako bortz gazte, eta ez lukete berehalakoan pentsatuko orduan hasitako proiektu hark gaur egunera arte iraunen zuenik. Bortz hamarkada daramatzate Incansableek Euskal Herriko zein kanpoko hamaika txoko, ekitaldi eta festa musikaz alaitzen. Izan ere, festa eta musika uztartzen jakin du taldeak eta horrek ekarri du Incansables erreferente nagusi bilakatzea txarangen munduan; baita Euskal Herritik haratago ere. Bereziki aipatzekoa da gaur egun entzuten diren txaranga gehienen errepertorioa Incansablesek landutako konposizio eta moldaketetan oinarrituta dagoela, baita txaranga gehienen instrumentalizazio eta formatua bera ere. Horren ikusle eta entzule izan dira Euskal Herri osoko 180 herri baino gehiago, eta hortik kanpoko hamaika herri (Espainiako Estatuko Madril, Sevilla, Bartzelona edota Coruña, edota Frantziako Estatuko hainbat hiri).

Nondik dator txarangaren izena? 
Nondik dator izena? Leitzan paratu zioten izena txarangari, 1971n lehen aldiz bortz sortzaileak azaldu ziren estreinako aldi hartan. Bortz egunez ehundaka ordu jo omen zituzten eta leitzarra ez zen andre batek halaxe erran omen zien “parecéis incansables”. Ordutik nekagaitz ibili dira, nahiz eta musikariak aldatzen joan diren, leitzarrak, tolosarrak, hernaniarrak, villabonatarrak, lesakarrak, andoaindarrak, etab. Gipuzkoako eta Nafarroako 50 partaide pasatu dira txarangatik orain artean.

Aurkezpena, ilbeltzaren 22an Biterin 

Incansables txarangak Hernanin aurkeztuko du taldearen 50 urteko historia biltzen duen lana. Ekitaldia ilbeltzaren 22an, ortziralean, izanen da Hernaniko Biteri kultur etxean, 19:00etatik aitzinera. Nola ez, aurkezpenean Incansables txarangaren musika zuzenean entzuteko aukera izanen da. Ekitaldia guztiz irekia izanen da, aretoaren edukiera muga bete arte, eta osasun gomendio guztiak errespetatuko dira aurkezpenean. 

Eskualdean non eros daiteke disko-liburua?

Berako Xuga ostatuan.

Leitzako Maimur liburudendan.

Lesakako Intzuri optikan eta Koxkila ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun