'Geuretik sortuak' ekimenean parte hartzeko izen-ematea zabaldu du Udalbiltzak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 19a, 11:00
'Geuretik sortuak' ekimenean parte hartzen duten herrietako udalen ordezkariak Durangoko Plateruena kafe antzokian. Argazkia: Raul Bogajo/Foku.

Geuretik sortuak, euskaraz sortzeko egonaldi artistikoa aurkeztu zuen abenduan Udalbiltzak. Bertan, Euskal Herri osoko 25 edo 30 udalerritan antolatuko dituzte literatur lanak, film laburrak eta antzezlanak sortzen laguntzeko egonaldiak, horien artean: Beran, Lesakan eta Leitzan. Dagoeneko, dirulaguntza lortzeko izen-ematea zabalik dago.

Udalbiltza Partzuergoak Geuretik Sortuak proiektuaren baitan, sormen, ekoizpen eta hedapen bekak emateko hasierako onarpena ematea adostu du. Sormen beka hau Udalbiltza Partzuergoak garatutako proiektu nazional baten parte da: Geuretik Sortuak. Proiektu honek euskal artisten sormena eta euskal herrietako historia eta idiosinkrasia uztartzea du helburu, elkarlan horretatik abiatutako euskarazko artea sortu eta hedatzeko. 25 bat herrik parte hartuko dute, tartean: Bera, Lesaka eta Leitza. Egonaldi horren ondotik sortutako artelanekin, parte hartu duten herri guztiak saretuko dituen aurkezpen zirkuitu bat osatuko da.

Kultur sorkuntzarako beka deialdia

Deialdi honen helburua euskal kulturgileei kultur sorkuntzarako bekak eskatzeko eta emateko prozedura arautzea da, horretarako, lehiaketa erregimena ezarriz. Kultur sorkuntza bezala ulertuko da artistaren imajinaziotik eratorritako obra bat, zeina literatura obra, antzerki obra edota zinema obra izan daitekeen. Hau da, bekadunak izanen diren proiektuek ondorengo izaera izan beharko dute: eleberri laburra/ipuina, antzerki obra edo film laburra. Eleberri laburrak edo ipuinak 20 orrialde guttienez eta 40 gehienez eduki beharko ditu; film laburrak bortz minutu guttienez eta 20 minutu gehienez iraun beharko du. ondotik, eleberri labur guztiekin, liburu oso bat argitaratuko da, horretarako 2021ean zehar liburu argitaletxeentzako deialdi bat ere zabalduko du Udalbiltza Partzuergoak. Film labur guztiekin film oso bat ekoiztuko da, horretarako 2021ean zehar film ekoizleentzako deialdi bat ere zabalduko du Udalbiltza Partzuergoak. Sortze-lan hauen xedea euskarazko artelana sortzea izanen da. Horretarako, kulturgileek esleitutako herrietan (betiere bizi diren herritik kanpo) egonaldiak eginen dituzte (hiru aste inguru), herritarrekin sormen prozesua partekatzeko eta proiektua landu ahal izateko. Esleitutako herrietan oinarritutako istorioak izatea lehenetsiko da. Ondotik, antzerki lan guztien emanaldi bana, liburu osoaren aurkezpen bana eta film osoaren aurkezpen bana eginen dira proiektuan parte hartuko duten herri bakoitzean. Liburu aurkezpenean eta filmaren aurkezpenean, guttienez sortzaile edo egileren baten parte hartzea bermatuko da aurkezpen guztietan. 

Deialdiko xehetasunak eta izen-emateko dokumentua Udalbiltzako atarian ikusgai daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun