Julen Olano leitzarrak irabazi du Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 18a, 13:00
Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako podiuma, Olano txapelduna, Pellejero txapeldunordea eta Telletxea hirugarrena.

Asier Pellejero aresoarrarekin batera lehen mailara igoko da eta jaitsiera kanporaketan, aldiz, Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonaneak galdu du kategoria

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatu zuten igande eguerdian Lekunberrin. Bi kanaerdiko, 60 ontzako bertze bi enbor eta oinbiko bat moztu behar zuten eta lana burutzen lehena Julen Olano leitzarra izan zen (17:24). Aresoko Asier Pellejero izan zen bigarren (18:57) eta biek lortu dute lehen mailara igotzea. Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberriak osatu zuen podioa (20:54) eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxea laugarren izan zen (21:50).

Txapela ez ezik, jaitsiera ere jokoan zen. Izan ere, bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketan, Patxi Mindegia zubietarrak ezin izan zuen parte hartu lesio baten ondorioz. Kanporaketa hartan Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea azken aitzineko sailkatu zen. Maila mantentzeko asmoarekin jaitsiera kanporaketa jokatzeko eskatu zuen Mindegiaren aurka. Kanporaketa hori ere igandean jokatu zuten Lekunberrin. Bina kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zituzten eta Mindegia erraz nagusitu zen (10:18). Etxekonaneak 13 minutu eta 5 segundo behar izan zituen eta maila galdu du.

Nafarroako arpana txapelketa mistoa

Lekunberriko saioa borobiltzeko Nafarroako arpana txapelketa mistoa jokatu zuten eta Ultzamako Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena nagusitu ziren. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai emateko 5 minutu eta 38 segundo aski izan zituzten. Daniel Saldias arraioztarra, Irune Biurrunekin bikote eginez bigarren izan zen (6:48) eta Olatz Altunak eta Josu Elizaldek osatu zuten podioa. Eskualdeko bertze ordezkariei dagokienez, Lekarozko Sela Goñi eta Jesus Goñi bosgarren izan ziren (7:30) eta Sunbillako Unai Bertiz eta Esti Gastearena bederatzigarren (8:52).

Nafarroako arpana txapelketa mistoko podiuma, ezkerrean, Dani Saldias arraioztarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun