Zein da garraiolarien eta gainerako langile autonomoen eskakizuna?
Laburbilduz, iruditzen zaigu egoera kontuan hartuta, hau ez dela momentua Nafarroako Gobernutik proposatu duten fiskalitate aldaketa egiteko. Oraingoz moduluak mantentzea eta igoerarik ez izatea da gure eskakizun nagusia.
Hartu nahi diren neurriekin, Nafarroan sektorea, estatuaren aldean, kaltetua dela aipatzen duzue…
Konpetentzia aldetik galtzen ateratzen gara nabarmen, hemen fiskalitatea igotzen den bitartean mugakide ditugun bertze komunitate batzuetan, Errioxan edo Aragoin esaterako, jaitsi egin delako. Dauden prezioekin borroka latzagoa heldu zaigu.
2020an oinarrizkoa izan den sektorea kaltetzen dela diozue. Diskriminatuak eta ahaztuak sentitzen zarete…
Joan den urtean ahoa bete zitzaien gure sektorea funtsezkoa eta nahitaezkoa zela esanez, baina bultzada ematerako orduan ahaztu zaie, nonbait. Baina ez gure sektorea bakarrik, denak garrantzitsuak dira: nekazariak eta abeltzainak hor daude eta guk ezin dugu materiala mugitu beraiek sortzen ez badute, edo ileapaindegiak edo harategiak edo tailerrek ez badute gastatzen… Dena kate bat da eta denak gara garrantzitsuak. Poltsa nondik bete dezaketen ikusi dutenean, horri jo diote zuzenean.
Nafarroako Gobernua ez dela hitzegitera jarri ere aipatzen duzue … Oraindik ez duzue lortu mahai inguruan esertzea?
Eseri egin dira, baina ez dute negoziatzeko borondaterik. Beraien informazioa eman egin digute soilik, baina ez dute gure iritzia kontuan hartu, ezta gure arazoak ezta gure beharrak ere. Ez da elkarrizketa bat, jakinarazpen bat baizik. Proposatu dizkiogun soluziobideak ez dituzte kontuan hartu, ezerezean gelditu dira. Beraien bidea zein izango den eta nola egingo duten aipatu digute, besterik gabe.
«Ez dugu baztertzen greba gogor bat egitea ere, autonomo erregimen horretan sartuak dauden langile ahalik eta gehienak sartuz»
Mobilizazioaren bidea hartu duzue orain arte… Aurrera begira gehiago?
Egoera ikustarazteko mobilizazioak eta manifestazioak egin genituen joan den urte bukaeran eta aurrera begira ere horretan segitu beharko dugu, ez dago gelditzerik. Covid-19aren eraginez, ezin dugu manifestazio handirik antolatu, neurriak oso zorrotzak direlako. Baina mugimenduan segituko dugu eta txarrari ona bilatuz, langile autonomoak biltzen dituzten elkarte ezberdinak orain kontaktu estuagoa daukagu. Lehen bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen, baina orain badugu helburu amankomun bat, moduluen erregimena eta horren inguruan, saiatuko gara informazioa hedatzen, manifestazioak antolatzen… eta elkarrizketarako bidea ixten badigute, ez dugu baztertzen greba gogor bat egitea ere, autonomo erregimen horretan sartuak dauden langile ahalik eta gehienak sartuz.
Besterik?
Emma Saiz, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilarik egindako agerraldian nahi izan zituen datuak aipatu zituen, fiskalitate berriak ez duela hainbesteko eraginik izango esanez, etab… Ez da egia. Fiskalitate berriak asko kaltetzen gaitu. Gaur egun ordaintzen ditugun zergen gainetik, %28tik %200 batera edo gehiagora ere ailegatzen da zenbait kasutan eta hori eramangaitza da. Hori da ulertzen ez duguna. Iruditzen zaigu orain ez dela momentua fiskalitatea aldatzeko, zergak igotzeko eta autonomoak estutzeko. Autonomoenganako tratu txartzat ere hartu daiteke fiskalitate aldaketa hau.