Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiteko prezioa garestituko dute Nafarroan ortziraletik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 13a, 11:00
Doneztebeko IAT-ITV zentroa

IATak (ITV) egiten dituzten Nafarroako hamar tailerrek prezioak igoko dituzte aurten. Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez «azken hamar urteetan ez dituzte prezioak igo». Ortziraletik aitzinera turismoaren azterketa teknikoa 33,5 eurotik 41 eurora igoko da gasolina erabiltzen duten autoentzat eta 45,24 eurora dieselentzat.

Nafarroako Gobernuak adierazi duenez «2011tik ez dira prezioak igo, baina IATak egiten diren instalazioak etengabe hobetzen ari gara». Horrela, ortziraletik aitzinera 0,85 eta 16 euro bitarte garestituko dute azterketa egiteko tarifa, betiere, ibilgailuaren ezaugarrien arabera. Bertzalde, turismo eta motozikleta elektrikoen azterketaren prezioak beheiti eginen du.

Prezio igoera hau Nafarroan dauden hamar IAT-ITV tailerretan sartuko da indarrean aste honetan.

 

Igoerak turismoen azterketetan

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez ortziraletik aitzinera diesel autoen azterketen prezioa 45,24 eurora igo da (lehen 33,50 euro ordaintzen zen). Gasolina erabiltzen duten turismoen kasuan 41 eurora igoko da, lehen 33,50 euro zirenean. Motozikleten kasuan, prezioa 19 eurotik 26,50 eurora igoko da.

Bertzalde, igoera handiena 3.500 kilo baino gehiagoko ibilgailuek izanen dute, 45,75 eurotik 63,18 eurora. 3.500 kilo baino arinagokoetan igoera 31,25 eurotik 50,10 eurora izanen da. Nekazaritza ibilgailuen kasuan, azterketaren prezioa 0,85 eurora igoko da, baina atoien azterketa 16,40 eurotik 28,30 eurora igoko da.

Tarifa guzti hauek bere gain hartzen dute anomalia bat identifikatzen den kasuetan bigarren azterketa bat egiteko kostua. Beti ere, bigarren azterketa lehenengo azterketaren leku berean egiten bada.

  Diesel autoa
Gasolina autoa
Motozikleta Ibilgailu arinak (3.500 kilo baino gutiago) Ibilgailu astunak (3.500 kilo baino gehiago) Nekazaritza ibilgailua Atoiak
EAE (2021)
51,13 49,15 28,75 51,13 72,56 41,88 46,05
Nafarroa (2011) 33,5 33,5 19 37,25 45,75 33,50 16,40
Nafarroa (2021) 45,24 41 26,50 50,10 62,18 34,35 28,3

*Datuen iturria: Nafarroako Gobernua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun