Lokotxarekin eta ingudearekin hitzordua izanen du larunbatean Maika Ariztegi iturendarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 13a, 08:00
Bi modalitatetan lehiatuko den kirolari bakarra izanen da Maika Ariztegi iturendarra. Argazkian, 2018an Igantzin jokatu zen Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketan. Bere hamabosgarren txapela lortu zuen, orain arteko azkena.

Bi modalitatetako Euskal Herriko txapelketa jokatuko da larunbat eguerdian Abadiñon eta gizonezkoetan Unai Iantzi aniztarra eta Josetxo Urrutia leitzarra ere ariko dira, hurrenez hurren

Euskal Herriko lokotx-biltze eta ingude-jasotze txapelketak jokatuko dituzte urtarrilaren 16an, larunbat eguerdian, Abadiñoko Matiena auzoan. Eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, Maika Ariztegi iturendarra aipatu behar da, bi modalitatetan lehiatuko den kirolari bakarra izanen baita. Gizonezkoetan, Unai Iantzi aniztarra ariko da lokotx biltzen eta Josetxo Urrutia leitzarra ingude altxatzen.

Lehenik, emakumezkoen lokotx-biltze txapelketa jokatuko da. Maika Ariztegi iturendarrarekin batera, Ultzamako Ainhoa Iraizoz eta Arabako Maider Etxezabal eta Zuriñe Frutos ariko dira. Maika Ariztegik hamabortz aldiz irabazia du Euskal Herriko txapelketa, azkenekoa 2018an Igantzin. Ondotik, gizonezkoen lokotx-biltze txapelketa jokatuko da. Unai Iantzi aniztarrarekin batera, Aitor Blanco izanen da Nafarroako ordezkari; Arabatik Xabier Vegas eta Jon Vegas anaiak ariko dira; Bizkaitik Patrik Saitua eta Aritz Martin eta Gipuzkoatik Uxer Mozo eta Mattin Jauregi.

Ondotik, emakumeen ingude-jasotze txapelketa jokatuko dute, 10 kiloko ingudearekin, minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien egitera. Maika Ariztegirekin batera, Arabako Esti Cidad eta Bizkaiako Karmele Gisasola, Nerea Egurrola, Garrazi Arruti eta Velentina Rancel ariko dira. Aipatzekoa da Maika Ariztegik lautan irabazi duela Euskal Herriko txapelketa ingudearekin ere (bera izan zen lehen txapelduna 2014an) eta bitan azpitxapeldun izan da. Azkenik, gizonezkoak arituko dira 18 kiloko ingudearekin. Josetxo Urrutiarekin batera, Iosu Marturet izanen da Nafarroako ordezkari. Gipuzkoako Gorka Etxeberra eta Unai Goitia eta Bizkaiko Igotz eta Unai Ardeo anaiak, Jon Ander Malaina eta Pablo Alvarez ere ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun