Eskualdeko lau aizkolarik parte hartuko dute igandean jokatuko den Nafarroako II. mailako txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 12a, 18:00

Julen Olano (Leitza), Jesus Etxeberria (Beintza-Labaien), Asier Pellejero (Areso) eta Jon Telletxearekin (Beintza-Labaien) batera, Txomin Amundarain ariko da igande honetan Lekunberrin eginen den finalean. Hitzordu berean, kategoria berean, jaitsierako kanporaketa jokatuko dute Jacinto Etxekonaneak (Beintza-Labaien) eta Patxi Mindegiak (Zubieta). Nafarroako Arpana Txapelketa mistoa ere orduan jokatuko da eta eskualdeko bortz lagunek parte hartuko dute.

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketaren finala

Hiru saioko kirol hitzordua jokatuko dute igande honetan, ilbeltzaren 17an, Lekunberriko pilotalekuan. 12:00etan hasita, alde batetik, Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketaren finala eginen dute. Bortz aizkolari ariko dira nor baino nor gehiago: Julen Olano (Leitza), Jesus Etxeberria (Beintza-Labaien), Asier Pellejero (Areso), Jon Telletxea (Beintza-Labaien) eta Txomin Amundarain (Arribe). Bi kanaerdiko, 60 ontzako bertze bi enbor eta oinbiko bat moztu beharko dituzte eta lehenbiziko bi sailkatuak mailaz igoko dira.

Nafarroako II. Mailako Aizkora, jaitsiera kanporaketa

Bertzetik, Jacinto Etxekonaneak (Beintza-Labaien) eta Patxi Mindegiak (Zubieta) bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko dituzte. Gisa horretara jokatuko dute bigarren mailako jaitsiera kanporaketa. Joan den urteko bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketan, Mindegiak ezin izan zuen parte hartu lesio baten ondorioz. Kanporaketa hartan Jacinto Etxekonanea azken aitzineko sailkatu zen. Maila mantentzeko asmoarekin jaitsiera kanporaketa jokatzeko eskatu zuen Mindegiaren aurka. Hala, proba hau irabazten duenak bigarren mailan segituko du eta bertzea hirugarren mailara jaitsiko da.

Nafarroako Arpana Txapelketa Mistoa

Lekunberriko saioa borobiltzeko Nafarroako Arpana Txapelketa Mistoa jokatuko dute. Lerro hauek idazterakoan hamabi bikotek baieztatua zuten parte-hartzea.

  1. Lur Gil eta Saioa Izura
  2. Iker Goldarazena eta Oihane Ganuza
  3. Oier Kañamares eta Beatriz Tanco
  4. Unai Bertiz eta Esti Gastearena (Sunbilla)
  5. Irune Biurrun eta Daniel Saldias (Arraioz)
  6. Olatz Altuna eta Josu Elizalde
  7. Alaitz Olano eta Mattie Garaikoetxea
  8. Sela Goñi eta Jesus Goñi (Lekaroz)
  9. Andrea Goñi eta Oier Aizkorbe
  10. Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena
  11. Alberto Oteiza eta Marian Otxoa
  12.  Josu Huarte eta Uxue Rodriguez
  13. Imanol Kañamares eta Irati Agirre

Etzanda paratutako 45 ontzako enborrean hamar ebaketa egin beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun