Nerea Sorondo nagusitu zaio Maika Ariztegiri banakako aizkolari txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 11a, 18:00
Igandean Ribabellosan aritu ziren kirolari guztiak elkarrekin. Tartean dira Sorondo, Ariztegi, Olano eta Telletxea.

Ribabellosan (Araba) igandean jokatu zen jardunaldian Julen Olano leitzarra eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxea aritu ziren Urrezko binakako aizkolari txapelketa

 

Emakumezkoen banakako aizkolari txapelketako lehen jardunaldia joatu zen urtarrilaren 10ean, igande eguerdian Ribabellosan (Araba). Nerea Sorondo beratarra eta Maika Ariztegi iturendarra izan ziren aurrez aurre. Lau enbor moztu zituzten, bi modalitatetan. Berako aizkolaria nagusitu zen, 10 minutu eta 9 segundotan  bukatu baitzuen lanak, iturendarrak baino 49 segundo lehenago (10’58”).

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren jardunadia ere jokatu zuten. Bertan aritu ziren B multzoko aizkolari bikoteak: Julen Olano leitzarra, Otxandioko Luis Polancorekin egin zuen bikote. Min hartutako Txomin Amundarainen ordezko aritu zen Beintza-Labaiengo Jon Telletxea, Arribeko Ibai Soroarekin. Suharri Rodriguez (Hernani)-Jokin Urretabizkaia Basozabal (Donostia) bikoteak osatu zuten hirukoa eta azken hauek, gipuzkoarrak nagusitu ziren.

Bikote bakoitzak bederatzi enbor moztu beharko ditu, lau modalitatetan: erlojuaren kontra 45 ontzako bat, zutik 45 ontzako bat, abiaduran 65 ontzako bat eta azken proban, 60 ontzako sei enbor. Rodriguezek eta Sorozabakek 16 minutu eta 27 segundo behar izan zituzten lana bukatzeko. Telletxeak eta Soroak 17 minutu eta 24 segundotan bukatu zuten eta Polancok eta Olanok 20 minutu eta 35 segundotan.

 

Harri-jasotzaileak ere

Jaialdi berean, Urrezko harri-jasotze txapelketan Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz), Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, (Zarautz), Inhar Urruzuno (Ondarroa) eta Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia) aritu ziren. Ehuna kiloko hiru harri (kopa, kubiboa eta borobila) altxatu zituzten, bina minutuko txandetan. Urruzunok 70 jasoaldi egin zituen, Izeta IV.ak 66, Zelai V.ak 63 eta Eizak 58.

Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Aroa Sanchez oriotarra 50na kiloko harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin aritu zen eta 39 jasoaldi egin zituen Udane Ostolaza oriotarrak, bere aldetik, bere marka egin zuen, 85 kilokoa bi aldiz altxatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun