Azken bortz urteotako langabezia tasarik txarrena izan da abenduan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 10a, 10:00

Abenduan 912 langabe ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, joan den urtean garai berean baino 185 gehiago. Urte hasieratik ere nabarmen egin zuen langabeen kopuruak goiti: 2020ko ilbeltzean baino 152 langabe gehiagorekin bukatu zen urtea.

Eskualdeko lan merkatuarentzat urte txarra izan da 2020a eta datuak dira horren erakusle: %5,68ko langabezia indizearekin bukatu zen urtea, eta horrek 2020koa 2016az geroztik izan den abendurik txarrena izan zela erran nahi du: 2019ko abenduan 727 langabe ziren eta 2020an, hilabete berean, 912, urtebetean 185 langabe gehiago beraz.

2006az geroztik daturik okerrenak 2013an erregistratu ziren. Geroztik beheranzko bidea hartua zuen langabeziak eskualdean, baina 2020ko joera bertzelakoa izan da. Urte hasieratik datuak goiti eta beheiti ibili ondotik, abenduan laugarren hilabetez segidan handitu zen langabeen kopurua. Bereziki zerbitzuen sektoreak segitzen du kaltetuena izaten, langabezian dauden 912 lagunetatik 695 lagun zerbitzuen alorrekoak baitira (horietatik 432 emakumezkoak eta 263 gizonezkoak). Industriaren sektorea da bigarren kolpatuena, 129 langaberekin. Eraikuntzakoak 39 dira eta nekazaritza eta arrantza alorrekoak 29. Gainerako 20ak lehendik lanik gabe zeudenak dira.

Langabeziak eskualdean goiti egin badu ere, Nafarroako enplegu agentzia guztien artean, Doneztebekoa da tasarik baxuena duen bulegoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun