Emakumezkoen banakako aizkolari txapelketan Ariztegi eta Sorondo aurrez aurre izanen dira igandean

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 8a, 16:00
Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo aurrez aurre izanen dira igande eguerdian Ribabellosan (Araba).

Ribabellosan (Araba) jokatuko den jardunaldian Julen Olano leitzarra ere ariko da Urrezko binakako aizkolari txapelketan

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren jardunadia jokatuko da urtarrilaren 10ean, igande eguerdian, Ribabellosan. Bertan ariko dira B multzoko aizkolari bikoteak: Julen Olano leitzarra, Otxandioko Luis Polancorekin eginen du bikote. Suharri Rodriguez (Hernani)-Jokin Urretabizkaia Basozabal (Donostia) eta Arribeko Ibai Soroa-Txomin Amundarain izanen dituzte arerio.

Bikote bakoitzak bederatzi enbor moztu beharko ditu, lau modalitatetan: erlojuaren kontra 45 ontzako bat, zutik 45 ontzako bat, abiaduran 65 ontzako bat eta azken proban, 60 ontzako sei enbor.

Emakumezkoen banakako aizkolari txapelketan, berriz, Nerea Sorondo beratarra eta Maika Ariztegi iturendarra izanen dira aurrez aurre. Lau enbor moztu beharko dituzte, bi modalitatetan.

Harri-jasotzaileak ere

Jaialdi berean, Urrezko harri-jasotze txapelketan Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz), Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, (Zarautz), Inhar Urruzuno (Ondarroa) eta Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia) ariko dira. Ehuna kiloko hiru harri (kopa, kubiboa eta borobila) altxatu beharko dituzte, bina minutuko txandetan. Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Aroa Sanchez oriotarra 50na kiloko harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin ariko da. Udane Ostolaza oriotarrak, bere aldetik, bere marka egiten saiatuko da, 82 kilokoa altxatuta. Gaur egun, 75 kilotan dauka marka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun