912 langabeturekin bukatu da urtea eskualdean, urteko kopururik handiena

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 7a, 18:00
Industria arloan goiti egin du langabeziak abenduan.

Azaro hondarrean baino bederatzi pertsona gehiagok eman dute izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan eta 2019ko abenduan baino 185 gehiagok. Pasa berri den abenduan 912 langabe zeuden erregistratuta Doneztebeko Enplegu Bulegoan eta Langabezia Indizea %5,68koa zen.

912 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan abendu hondarrean, azaroan baino bederatzi gehiagok. 2020 urte beltzeko kopururik altuena da langabeziari dagokionez. 2019ko abenduan baino 185 langabetu gehiago dira, %25,4 gehiago.

Adinari dagokionez, 35 eta 44 urte arteko 224 lagun daude langabezian, azaroan baino 6 gehiago. 55 urtetik goitiko 221 langabetu daude, azaroan baino 5 gehiago. 45 eta 54 urte arteko 198 langabetu daude, azaroan baino 2 guttiago. Gazteenen artean, 30 eta 34 urte arteko 93 langabetu daude (5 gehiago), 20 eta 24 urte arteko 88 (1 guttiago), 25 eta 29 urte arteko 70 (berdin) eta 16 eta 19 urte arteko 18 (4 guttiago).

Igoerarik handiena industrian

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina azaroan baino hiru langabe guttiago zeuden abendu hondarrean 698tik 695era pasatuz. Industria arloan, aldiz, 120tik 129ra igo da langabetu kopurua (bederatzi gehiago). Eraikuntzan ere bi langabetu gehiago zeuden abenduan, 39. Nekazaritzan ere azaroan baino hiru langabetu gehiago zeuden (29). Aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 20 lagun daude langabezian, azaroan baino bi guttiago.

Urteko bilakaera

Urte berezia izaten ari da aurtengoa eta horrek, nola ez, eragina izan du langabeziko datuetan ere. 2019 urte hondarrean 727 langabetu zeuden eskualdean. Normalean bezala, urtarrilean goiti egin zuen langabetu kopuruak (760). Otsailean beheiti egin bazuen ere (740), pandemiaren eraginez edo, udaberrian nabarmen goiti egin zuen langabetu kopuruak (martxoan 787, apirilean 838 eta maiatzean 856). Ekain hondarrean 815era jautsi zen langabetu kopurua, baina uztailean berriz ere 839ra igan zen. Abuztuan 837ra jautsi zen eta irailaren 824ra, baina udazkenearekin batera, urrian, berriz ere 850 langabetura igo da, azaroan, 903 langabetura eta abenduan urteko kopururik altuenera, 912.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun