Emakumeen Esku-pilotako III. Bizkaia Txapelketa Bizkaia Frontoian jokatuko da urtarrilean

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 6a, 09:00
Esku-pilotako III. Bizkaia Txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk Bizkaia pilotalekuan, urtarrilaren 4an egindako aurkezpenean.

Sei bikotek jokatuko dute, tartean Iera Agirre leitzarrak Arrate Bergararekin

Sei bikotek jokatuko dute txapelketa urtarrilaren 8an, 15ean eta 22an, 19:00etan; eta urtarrilaren 31n, igandean, 12:00etan, finala jokatuko da. Partidak ateak itxita jokatuko dituzte eta Bizkaia Frontoia Facebook katearen bidez emanen dituzte. Finala ETB1en ere ikusi ahal izanen da zuzenean. Iera Agirre leitzarra izanen da eskualdeko pilotari bakarra.

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen esku-pilotako txapelketaren hirugarren edizioa antolatu du. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Bizkaia Txapelketaren edizio berria aurkeztu du txapelketan jokatuko duten pilotariekin batera.

Hamabi pilotarik bikoteka jokatuko dute hiruko bi taldetan, eta talde bakoitzeko irabazleak aurrez aurre izanen dira finalean, eta bigarrenek hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte. A taldeko bikoteak honako hauek dira: Amaia Alday - Oihana Orbegozo, Miren Larrarte - Gentzane Alday eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi. Beste aldetik, B taldea osatzen duten bikoteak honako hauek dira: Iera Agirre- Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre eta Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi. Talde bakoitzeko lehenbiziko bikoteak sailkatuko dira finalerako. Materialari dagokionez, pilotariek pilota mistoarekin jokatuko dute lehenengoz.

 

Bizkaia Txapelketako partiden egutegia

Lehenengo jardunaldian, 2021eko urtarrilaren 8an, ortziralea, 19:00etan, bi partida jokatuko dira:

Amaia Alday - Oihana Orbegozo eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi; Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre.

Bigarren jardunaldian, urtarrilaren 15ean, ortziralea, 19:00etan, bertze bi partida:

Miren Larrarte - Gentzane Alday eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi; Iera Agirre- Arrate Bergara eta Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi.

Hirugarren jardunaldian, urtarrilaren 22an, ortziralea, 19:00etan, bi partida hauek jokatuko dira:

Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre eta Iera Agirre- Arrate Bergara; Amaia Alday - Oihana Orbegozo eta Miren Larrarte - Gentzane Alday.

Laugarren jardunaldian, urtarrilaren 31n, igandea, 12:00etan, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dira, eta ondoren, finala.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun