Irache Kontsumitzaileen Elkarteak neguko beherapenetan nafarrek 103 euro gastatzen dituztela adierazi du

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 10a, 08:00

Neguko beherapenak hastear dauden honetan Irache Kontsumitzaileen Elkarteak bezeroei etxe bakoitzeko benetako beharrak antzemateko, etxeko ekonomiarekin bat datorren aurrekontua egiteko eta higiene eta osasun-oharrak errespetatzeko deia egin die.

Nafar bakoitzak, bataz bertze, 103 euro gastatzen ditu neguko beherapenetan. Horixe izan zen, gutienez, herritar bakoitzaren batez bertzeko gastua aitzineko denboraldian, Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak eginiko inkestaren arabera. Era berean, inkesta honen arabera, nafarren %42k aitzinetik hautatutako erosketaren bat egiten du sasoi honetan, eta herritarren %66k, aurreikusita edo ez, beherapenetan erosketaren bat egiten du.

30 eta 45 urte bitartekoak, gehien gastatzen dutenak

Adinari dagokionez, 30 eta 45 urte bitartekoak izan ziren azken beherapenetan gehien gastatu zutenak, 114 euro bataz bertze. 46 eta 65 urte bitartekoek 106 euro gastatu zituzten eta; 30 urtetik behitikoek 101 euro; eta 65 urtetik gorakoek, 82 euro.

Beherapenetan, eskubide berak

Kontsumitzaileek jakin behar dute merkealdiek ez dituztela beren eskubideei murrizten. Horregatik, prezioa beheratua duten produktuek bat etorri behar dute eskaintzen zenarekin eta egoera ezin hobean egon behar dute. Hala ez bada, bermeen legea erabiltzen da, eta kontsumitzaileak eskubidea du establezimenduak egoera onean dagoen produktu bat bermatzeko. Hori bai, erreklamatu ahal izateko, garrantzitsua da, erosketaren frogagiria gordetzea eta, bezeroa akatsaz jabetu bezain pronto, saltzaileari idatziz erreklamatzea.

Prezio arrunta eta beheratua erakutsi behar dira

Produktuaren etiketan prezio arrunta eta beheratua adierazi behar dira. Azken honek aitzineko hogeita hamar egunetan produktu berdinetan aplikatu den txikiena izan behar du. Kasu batzuetan, dendak salmenta-etiketan agertzen den prezioa ez den bertze bat kobratu nahi izaten du, baina dendan, webgunean edo publizitatean erakusten diren prezioak lotesleak dira.

Establezimendu bakoitzak bere merkealdi datak adierazi behar ditu

Nafarroako merkataritza arautzen duen legeak establezimendu bakoitzak bere merkealdi denboraldiaren data zein den erakutsi behar duela adierazten du, kanpoan eta ikusteko moduko tokian. Merkealdietan araudia betetzeari dagokionez, nafarren %39k uste du legea betetzen dela, %24k uste du ez dela betetzen eta %27k araudia ezagutzen ez duela plazaratu du.

Higiene-jarraibideak betetzea garrantzitsua da

Une honetan, kontsumitzailearen erantzukizunari dei egitea garrantzitsua da, baita establezimenduetan adierazten dituzten higiene-jarraibideak zorrotz betetzea ere. 

Beherapenetarako zenbait aholku

  • Erosi nahi diren produktuen zerrenda egin.
  • Prezioak alderatu eta establezimendu bakoitzaren beherapen datak egiaztatu.
  • Produktua egoera onean dagoela egiaztatu.
  • Ahal den neurrian, jantzia probatu erosi aitzinetik.
  • Eskatu erosketaren egiaztagiria eta gorde.
  • Produktuaren etiketa irakurri.
  • Produktuak akatsen bat badu, ahal bezain pronto, establezimenduarekin kontaktuan paratu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun