Sarek, Bake Bideak eta Bakegileek elkarrekin egin dute larunbatean euskal presoen alde eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 5a, 07:00
Beran Bateragune auziaren aldeko elkarretaratzea.

Urtarrilaren 9an, 200 mobilizaziotik goiti eginen dituzte Hego Euskal Herriko herrietan, Bidea gara lelopean; eta, Ipar Euskal Herrian, berriz, Argi dugu, bakeranzko bidea, orain presoak izanen da erabiliko duten leloa. 17:30erako deitu dituzte mobilizazio guziak: Covid-19aren ondorioz hainbat lekutan banatuta, baina, hala ere, aldi berean.

Sare, Bake Bide eta Bakegile taldeen arabera, «bai Espainian, baita Frantzian ere, aldaketak sumatzen ari gara espetxe politikan, baina horrek ez du erran nahi urruntze politika bukatu denik». Adierazi dutenez «ezin dugu normalizatutzat jo normalizatuta ez dagoen egoera bat». Hiru eragileek euskal presoen alde larunbat honetan, urtarrilaren 9an, eginen diren mobilizazioetara joateko deia egin dute. Onartu dute «zerbait mugitzen ari» dela, «euskal presoen hurbilketak eta Frederique Haranburu Xistor-en baldintzapeko askapena lekuko», baina «ez da nahikoa». Aldarrikatu dutenez «normalizazioa berandutzen ari da. Urte anitz dira euskal presoei salbuespen erregimena aplikatzen zaiela». Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete ez ditzatela «epe horiek» gehiago luzatu, eta «haien legedia aplikatu eta gizatasunez» joka dezatela eskatu diete.

Eskualdean honako lekuetan 17:30ean eginen dira elkarretaratzeak:

  • Arantzan
  • Beran, Altzateko plazan.
  • Donezteben
  • Elizondon
  • Erratzun
  • Etxalarren
  • Goizuetan
  • Igantzin
  • Leitzan, plazan.
  • Lesakan, Eskol Ttikin. Ondotik, Albistur karrikan Bilboko manifestazioa eskala ttikian irudikatu eta argazkia aterako dute.

Bi euro=bi metro karratu

Urtarrilean urtero egiten duten mobilizazioan egiten den diru-bilketa ordezkatzeko, Bi euro=bi metro karratu kanpaina abiatu dute. Larunbateko mobilizazioetan bakoitzak okupatuko duen metro koadroari erreferentzia egiten dio kanpaina honek. Saretik adierazi dutenez, bi helburu ditu: alde batetik, parte hartu nahi dutenen diru-ekarpena biltzea eta bertzetik, bertaratu ezin direnak sinbolikoki mobilizazioan beteko lukeen metro koadro hori erosteko aukera izatea. Metro koadro sinboliko hori eskuratu eta ekarpena egiteko online sistema ezarri dute eta mobilizazioak eginen diren herrietan ere, bilketa egiteko sistemak ezarriko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun