Araban abiatuko da urrezko binakako aizkolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 4a, 15:00

Julen Olano leitzarra igande eguerdian lehiatuko da, Luis Polancorekin bikote eginez.

Errege egunean Eskuernagan jokatuko da lehen saioa eta urtarrilaren 10ean Ribabellosan izanen da bigarrena, tartean Julen Olano leitzarra dela

Hogeita bigarren edizioa beteko du aurten Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketak. Aizkolariekin batera urrezko harrijasotze txapelketa – Zortzi Arroako Hiru harri txapelketa ere jokatuko dute. Lehen jardunaldia urtarrilaren 6an, Errege egunean, 12:00etan joatuko dute Villabuena/Eskuernagan (Araba). Bigarrena, berriz, urtarrilaren 10ean izanen da Ribabellosan (Araba).


Eskuernagako saioan, Errege Egunean, aizkoran, A multzoko aizkolari bikoteak lehiatuko dira: Juan Jose Lopez Azpilikueta-Iban Resano, Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza eta Oier Kañamares IV.a-Xuban Kañamares V.a. Bikote bakoitzak bederatzi enbor moztu beharko ditu, lau modalitatetan: erlojuaren kontra 45 ontzako bat, zutik 45 ontzako bat, abiaduran 65 ontzako bat eta azken proban, 60 ontzako sei enbor.

Harri-jasotze txapelketan, ehuna kiloko hiru harri (kopa, kubiboa eta borobila) altxatu beharko dituzte, bina minutuko txandetan, Gorka Etxeberriak, Beñat Telleriak eta Iker Zubizarretak.

 

Igandean Julen Olano leitzarra lehian

Urtarrilaren 10ean, igande eguerdian, Ribabellosan ariko dira B multzoko aizkolari bikoteak: Julen Olano leitzarra, Luis Polanco arabarrarekin eginen du bikote. Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Ibai Soroa-Txomin Amundarain izanen dituzte arerio. Harri-jasotzen, Mikel Lopetegi Urra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Jagoba Otaegi eta Iraitz Arruti ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun