Urteberri egunean abiatuko da eskuz binakako txapelketa nagusia Eibarren

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 31a, 10:00
Txapelketan parte hartuko duten zortzi bikoteak aurkezpenean.

Aimar Olaizola goizuetarrak Rezustarekin eginen du bikote eta Oinatz Bengoetxea leitzarra txapelketatik kanpo utzi dute

Urtarrilaren 1ean, Urteberri egunean Eibarko Astelenan jokatuko den partidarekin abiatuko da EPELek antolatutako eskuz binakako pilota txapelketa. Jaka eta Martija, Altuna III.a eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira estreineko partida horretan. Urtarrilaren 2an, Lizarran, Aimar Olaizola goizuetarra eta Rezusta, Artola eta Arangurenen kontra ariko dira.

Zortzi bikote ariko dira lehian eta parte hartuko ez duten pilotarien artean, Oinatz Bengoetxea leitzarra eta Irribarria dira bajarik aipagarrienak. Azkeneko hamasei txapelketak segidan jokatuak zituen Bengoetxea VI.ak.

Baikoren izenean, Aimar Olaizolak eta Rezustak osatutako bikoteaz gain, Artola-Aranguren, Urrutikoetxea-Imaz eta Peña II.a eta Albisu ariko dira; Asperen izenean, Altuna III.a-Mariezkurrena II.a, Jaka-Martija, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Elezkano II.a-Zabaleta.

Lehen fasean, bikoteek zazpina jardunaldiko bi itzuli jokatu beharko dituzte, hamalau partida guztira. Sailkapeneko bi lehendabiziko bikoteak zuzenean sartuko dira finalerdietan eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek play-offa jokatu beharko dute. Finala maiatzaren 9an jiokatuko dute Bilboko Bizkaia frontoian

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun