Baztan-Bidasoaldeko bortz ikastetxek bat egin dute 'Memoria duten Eskolak' programarekin

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 28a, 14:00

Eskualdeko bortz ikastetxetako zuzendariak, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilariarekin eta bertze ordezkariekin.

Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria ikastetxeetako zuzendariekin Bertizen bildu ondotik, 'Babesaren muga' eskultura bisitatu du astelehen goizean Elizondon

Berako Toki Ona institutua eta Labiaga Ikastola, Elizondoko Elizondo Lanbide Eskola, Lekarozko Lekaroz BHI eta Doneztebe  Mendaur DBHI ikastetxeak Memoria duten Eskolak programaren parte dira irakasleen prestakuntza sustatzeko eta ikasleen artean memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzeko jarduerak egiteko.

Nafarroako Oroimenaren Institutuak 2016. urtean abian jarri duen programaren barrenean, Baztan-Bidasoa eskualdean hainbat proiektu garatu dituzte azken urteotan, erbestean eta «muga gotortua» deritzonaren oroimena berreskuratzeko, inguruko bunkerrak berreskuratuz.

Ikastetxe horiei esker, Erratzuko bunkerrekin zerikusia duten proiektuetan eta eskualdeko erbesteratuen inguruan lan eginen da, Elizondo Lanbide Eskolaren eta Lekaroz Institutuaren kasuan. Berako Toki Ona BHIk “Bidasoako deportatuen erakusketa” programa garatuko du, Gerra Zibilaren ondotik eta Bigarren Mundu Gerran Frantzian eta Alemanian kontzentrazio-eremuetara erbesteratu zituzten pertsonen inguruan.

Bertzalde, Berako Labiaga Ikastolak memoria historikoa belaunaldi gazteenengana hurbildu nahi du, Lehen Hezkuntzako ikasleekin eta DBHko lehen zikloarekin lan eginez. Doneztebeko Mendaur DBHIak laster bat eginen du programarekin. Emakumearenganako errepresioaz ariko dira, eta Juana Josefa Goñi Sagardiaren oroimenean jarriko du arreta. Donamarian, Gazteluko leizera botatako zazpi seme-alabetako seirekin batera hil zuten Joana Josefa Goñi Sagardia.

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria bortz ikastetxeetako zuzendariekin bildu da astelehen goizean Bertizko jauregian: Igor Arruabarrena Rezola (Toki Ona), Mikel Iriarte Antxorena (Elizondo Lanbide Eskola), Iñaki Beltran Gallego (Lekaroz Institutua), Maite Elgorriaga Errandonea (Labiaga) eta Bihotz Unanua (Mendaur). Martín Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria ere ekitaldian izan dira.

'Babesaren Muga' eskultura

Baztan-Bidasoaldeko bortz ikastetxeetako zuzendaritzekin elkartu ondotik, Ollo kontseilariak, Joseba Otondo Baztango alkatearekin batera, Babesaren muga eskultura bisitatu du Elizondon. Eskultura hori indarkeria frankistatik ihesi erbesteko bidea hartu zuten pertsonen omenez paratu dute, baita pertsona horiek babesteko sortu diren elkartasun-sareen oroimenez ere.

Mikel Iriartek egindako 'Babesaren muga' eskultura, Elizondon.

Eskulturak, bere konposizioarekin erbesteratutako pertsona bat iradokitzen du, bere jatorritik kanpoko lurralde batean bizi dena. Mikel Iriarte eskultorearen lana da, eta udaberrian inauguratzea aurreikusten da, pandemiak uzten badu, Nafarroatik erbesteratutako pertsonei eta haien familiei omenaldia eta erreparazioa eginez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun