Julen Olano leitzarra Urrezko Aizkolari Kopan izanen da abenduaren 31n Asteasun

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 29a, 14:00

Julen Olano leitzarra ariko da Urrezko Aizkolari Kopan, ostegunean Asteasun.

Ingude txapelketan Maika Ariztegi iturendarra ere ariko da

Herri kiroletako urteko azken txapela, Urrezko Aizkolari Kopa, jokoan izanen da abenduaren 3n, ortzegunean 11:30ean Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Lau aizkolari ariko dira lehian, zortzi kanaerdiko nork lehenago moztu: Julen Olano leitzarra, bigarren mailako txapela jantzi berri duen Oier Kañamares IV.a, Xabier Zaldua eta Luis Txapartegi.

Txapelketa nagusiaz gain, aizkolari gazteen binakako txapelketa ere jokatuko dute, hauek ere zortzi kanaerdikoetara. Hemen ez da eskualdeko ordezkaritzarik izanen: Hernaniko Suharri Rodriguez eta Donostiako Jokin Urretabizkaia Basozabal, Arribeko Ibai Soroa eta Hernaniko Axel Larrañagaren kontra ariko dira.

Binakako harrijasotze txapelketan hiru bikote ariko dira lanean, hiruna minutuko txandetan, 175 kiloko harri laukizuzenarekin, 138 kiloko kubikoarekin, 100 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko harri borobilarekin. Jokin Eizmendi-Gorka Etxeberroa, Urdax Magunazelaia-Jon Irañeta eta Jon Unanue Goenatxo III.a-Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a izanen dira lehiatuko diren bikoteak.

Emakumeen ingude txapelketan, azkenik, joan den urteko finala errepikatuko da: Maika Ariztegi iturendarrarekin batera, iaz txapeldun suertatu zen Iruñeko Virginia Finol eta Mallabiko Karmele Gisasola lehiatuko dira, hamar kiloko ingudearekin, minutu eta erdiko txanda bakarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun