Lankidetza hitzarmena sinatu dute Leitza, Goizueta eta Larraungo pilota elkarteek

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 29a, 10:00
Goizueta, Leitza eta Larraungo pilota elkarteko ordezkariak lankidetza hitzarmena sinatu ondotik.

Eskualdean pilota sustatzeko eta babesteko helburuarekin elkarlanean ariko dira

Leitzako Aurrera elkarteak, Goizuetako Umore Ona kirol elkarteak eta Larraungo pilota elkarteek lankidetza hitzarmena sinatu dute abenduaren 26an, «gure eskualdean pilota sustatzeko eta babesteko helburuarekin, elkarteek beraien gain hartzen dituzten baldintzak eta konpromisoak ezarriz».

Mendialdeko elkarteak elkarlanean arituko dira, «txapelketak antolatuz, entrenamendu trukaketak eginez, kanpoko txapelketetarako gure pilotarien beharren arabera bikoteak osatuz…». Elkarteen helburua, norberaren herriko eskolak indartzea eta horretarako ekimenak burutzea izanen da eta elkarte baten kaltetarako izanen den ekimenik ez da eginen. Hortaz, ekimen guztiak «elkarren adostasunarekin eginen dira, hauek gainontzeko elkartetan eragina baldin badute».

Federazioko gaietan ere (hauteskundeak, bilerak…) elkar hartuta joango dira eta erabakiak elkarren artean adostuta hartuko dituzte.

Elkarte batek ez du beste herri bateko pilotaririk hartuko eta pilotariak beraien herrian gelditzea bultzatuko da, herrian elkartea dagoen bitartean. Pilotaria eta elkartearen arteko harremana jarraiezina denean soilik baimenduko da beste herri bateko pilotaría hartzea, edo bi elkarteek erabakirik hoberena hori dela ikusten dutenean soilik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun