Bateragunekoen aldeko kontzentraziorako deia zabaldu dute larunbaterako eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 18a, 11:00

Bateraguneko bost auzipetuak. Argazkia: Maialen Andres/Foku

Abenduaren 19an, larunbatean, 12:00etan elkartuko dira Bateragune auziko kideei elkartasuna adierazteko eskualdeko zenbait herritan, tartean, Beran, Lesakan, Etxalarren, Elizondon, Leitzan eta Donezteben.

Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean erabaki zuen berriro egitea Bateragune auziko epaiketa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi baitzuen Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek ez zutela epaiketa justurik izan.

Erabaki horren aurrean, mobilizaziora deitu dute larunbatean Leitzan Demokrazia lelopean. Deitzaileen arabera, erabakiaren «larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa» eragin du. Adierazi dutenez Auzitegi Gorenaren erabakiak «kezka handia» sortu du, «oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean».

2009ko urrian atxilotu zituzten auzipetutakoak, ETAren aginduetara Batasuna berreraikitzen saiatzea egotzita, eta 2011n epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete zituzten Gorenak 2012an berretsitako zigorrak —31 urte guztira—. Gorenak berak zigor horiek baliogabetu zituen udan.

Eskualdeko elkarretaratzeak

  • Leitzan, herriko plazan.
  • Donezteben, udaletxe parean.
  • Beran, herriko etxeko plazan.
  • Lesakan, herriko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun